jueves, 13 de diciembre de 2012

Ondarretako kartzelan preso egon ziren pertsonen omenez monolitoa jarri dute Donostian

Ondarretako kartzelan preso egon zirenen omenezko oroitarri bat inaguratu dute gaur Donostian. Bertan, Juan Karlos Izagirre hiriko alkateak hartu du hitza eta pertsona haiei «aitortza eta justizia» zor zaiela adierazi du.

 
naiz.info, Donostia * E.H
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Ondarretako kartzelan preso egondako pertsonen omenezko monolito bat inaguratu du gaur eguerdian, Pilar Garciandia eta Marcelo Usabiaga preso ohiak lagun zituela.
Kartzela egon zen toki berean jarri du oroitarria Udalak eta ekimena honen bidez, frankismo garaian bertan preso egon ziren edota fusilatuak izan ziren guztien oroimena goraipatu nahi izan du.
Izagirrek preso haiei «aitortza eta justizia» zor zaiela esan du inagurazioan. «Gizon, emakume eta haur guztiek aitortza eta justizia merezi dute, eta oroitarri hau zor diegun aitorpenaren zati txiki bat da», adierazi du.
Horrez gain, Aieteko kultur etxean dagoen erakusketaren itxiera ekitaldira joateko deia egin du alkateak. Udalaren asmoa erakusketa osatzen duten objetuak berreskuratzea da, «etorkizunean berriz ere ikusgai jartzeko».