viernes, 28 de diciembre de 2012

Areces

36ko gerran, Asturiaseko Frontean eroritako gudari eta milizianoen aldeko egitasmoa.

Eusko Lurra Fundazioa * E.H
“Sasetarekin batera Asturiasen hildako gudarien gorpuzkinak Euskal Herrira ekarriko dituzte“ dio Naiz-ek abenduaren 26an Foru Aldundiak zein Donostiako Udalak emandako prentsaurrekoa laburbilduz.
Martin Garitano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako Alkateak eta Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak azaldu dutenez, bi erakunde horien arteko hitzarmenari jarraiki, Asturiasko Areces herrian Kandido Saseta komandantearekin batera hil zituzten gudarien gorpuzkinak Euskal  Herrira ekarriko dituzte.
«75 urte geroago, iragana azaleratu eta oroimen historikoa berreskuratu nahi dugu ekimen honen bitartez, askatasunaren alde bizia galdutako pertsona guztiek egia, justizia eta aitortza merezi dutelako», esan du Juan Karlos Izagirrek.
Ildo beretik, Bidasorok nabarmendu du «iraganeko krimenen gaineko oroimen kolektiboa berreskuratzea eta biktimen eskubideak bermatzea» izan behar direla helburuak.
Garitanok, aldiz, gudari haiek «merezi duten bezala itzultzea» nahi dutela adierazi du: «askatasunaren eta herriaren alde borrokatzeagatik diktadore batek hil zituen gudari bezala».
Ekimena Donostiako Udalak 1936ko gerran eta frankismoan gertatutako giza eskubideen aurkako urraketei buruzko egia ezagutu eta oroimen historikoa berreskuratzeko duen egitasmoaren parte da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du, eta honek 50.000 euroko laguntza emango dio Udalari.
Arecesen kasuan, ekimenaren kostua 45.000 eurokoa izango dela aurreikusten da; Aldundiak 24.000 euroko ekarpena egingo du eta gainerakoa Udalak.

Eusko Lurra Fundazioaren iritzia.
Aurretik doa gure poza, azkenean bi euskal erakunde publikoek Arecesen eta Asturiasko frontean eroritako gudari eta milizianoen gorpuzkinak berreskuratzeko konpromisoa hartu dutelako. Eta ez soilik gorpuzkinak Euskal Herriratzeko, baizik eta haiekin Egia, Justizia eta Erreparazioa egiteko. Ez da gutxi.
Lau Haizetara Gogoan Plataformak urtetan egindako lanak deshobiratze kasuetan taxuzko protokolo bat aurrera eramateko, azkenean bere lehen ondorio garrantzitsua izango du Asturiasen.
Beste aldetik, Eusko Lurra Fundazioa hasieratik ekimen honetan partu hartu du beste hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera. “El Pradon de los Vascos” delako hobietan lurperatutako gudari eta milizianoen senideak eta militatzen zituzten erakundeak kontutan hartzea txalotzekoa da, eta gauzak era egoki batean egiteko bermea. Jakina, Euskal Herriarekin zer ikusirik duen 36ko gerraren hobi handienetarikoa izango da Asturiasekoa. Bertan EAE-ANVko ia 100 gudari (Eusko Indarra Batailoikoak) lurperaturik daude. Eroritako gainontzeko borrokalari gehienak miliziano anarkista (CNTkoak) eta komunistak ziren. Baita zenbait EAJ-PNVko gudariak eta miliziano sozialistak, Euskal Armadako hainbat kidekin batera.
Baina berri honen haritik pare bat gauza esan nahiko genuke.
Hasteko hainbat  hedabideek soilik gudariez hitz egiten dute, miliziano libertario, komunista eta sozialistak ahaztuz. Beste aldetik Eusko Jaurlaritzaren Armada, Eusko Gudarostearekin (EAJ-PNV)  nahasten dute.  Hainbat kasuetan, Asturiasen hil ziren ia 250 miliziano eta gudariak, Santoñako Errendiziotik ihes egindako borrokalariak bezala aurkezten dituzte, ondoren Asturiasen erori izan baziren bezala. Jakina, Areceseko gatazka Santoñako Errendizioa baino askoz lehenago suertatu zen (1937ko otsailean), eta bertan parte hartutako batailoi gehienek, Asturiasko kanpaina eta gero, gerra Euskal Herrian jarraitu zuten, EAE-ANVren Eusko Indarra ospetsuaren kasuan.
Garbi dago Euskal Herriko historia berreskuratzeko lan asko dagoela oraindik egiteko, horren lekuko hainbat komunikabideen hanka-sartze historiko hauek.
Dena den, ondo etorria berria.