Urtailaren 24an, Lemoako Udalak 2013 urtean zehar herrian garatzeko Lemoako memoria historikoa lantzeako "proiektu kulturala" aurkeztu eban.
begitu.org, Lemoa * E.H
Aurkezpen honen helburua batzorde bat sortzea zan memoria historikoa berreskuratzeko eta Lemoan 1936ko gerran eta frankismoan gertatu zana jakitera emoteko. "Udala izango da laguntzaile aktiboa, baina batzordeak eukiko dau bere izaera autonomoa" azaldu eban Aitor Erauzkin Kirola, Kultura eta Euskera zinegotziak. Dana dala, herriko eta kanpoko eragileen kolaborazinoa beharko dau Batzordeak lan hau ondo egiteko, batez be infomazinoa biltzeako. Izan be, lan hori eginda dago herri askotan eta ikertzaileak eta memoria historikoa berreskuratzen saiatzen diran alkarteak informazino asko jaso dabe. Aurkezpenean, herritarrakaz batera, memoria historikoa lantzean daben alkarteen plataforma bateko ordezkariak eta Lemoatxen burrukatu eban Gorritxo komandantearen alabea egon ziran, besteak beste.
"Orain dala 76 urte Lemoan gertatu zan episodio bat gogoratzeko batu gara: Lemoatxeko bataila" esan eban Erauzkinek eta bere eretxian, Batzordeak, "gertaera horretatik abiatuta, memoria historikoa berreskuratzeko informazino bilketa sakona egin beharko leuke eta lan horretan baliabide tekniko eta ekonomikoakaz lagunduko leuke Udalak".
Batzorde honetan parte hartzeako hurrengo bilerea, zezeilaren 7an izango da, 19:00etan Jubiladuen Etxeko goiko aretoan.
Dibulgazinoa ala erreparazinoa ?
Proposamena Udaleko Kirola, Kultura eta Euskera batzordeak egin arren, memoria historikoaren lanketea, herritarrak osotutako batzordeak egitea da Udalaren asmoa. "Batzordeak berak ebatziko dau zenbatero batu, ze ekintza egingo dituan seihileko honetan eta zelan landu memoria historikoa" esan eban Erauzkinek.
Planteetan eban proposamenean, helburua jenteak zer gertatu zan Lemoan jakitea dala esan eban Erauzkinek "Lemoan oso ezezaguna da Lemoatxeko bataila hau eta helburua belaunaldi barriai egun latz horreetan Lemoan zer gertatu zan gogora arazotea da. Gure ustez, honen lanketearen helburua dibulgazinoa da".
Ez zan eretxi berekoa aretoan egoan Eduardo Gonzalez, Lau Haizetara Gogoan memoria historikoa berreskuratzeko plataformako kidea. Plataforma honen inguruan hogei bat alkarte batzean dira, tartean, Durango 1936 edo Basauriko Oroimena eta Bilboko taldean CNT, Eusko Lurra Fundazioa eta Sare Antifaxista dagoz. Honeen ustez, "omenaldiak egitea ondo dago baina harago joan behar da". Plataforma honen helburua "frankismoa Giza Eskubideen Auzitegietara" eroatea da, genozidio bat izan zalako eta frankismoaren biktimentzat "egia bilatu, justizia ezarri, erreparazinoa gauzatu eta ez errepikatzeko bermeak" ipini behar diralako. Hauxe eskatzen deutsee memoria historikoa bultzatzeko politika publikoai. Euskal Herriko Egiaren Batzordea sortzea be, euren helburuetako bat da.
Herritarrak eta kanpokoak alkarlanean
Helburua edozein izanda be, dokumentazinoa batzea eta oraindino bizirik dagozan lekukoak alkarrizketatzea egin beharreko gauzak dira. "Lehentasun handia dauka Lemoatxeko batailea bizi izan eban jenteari alkarrizketak egiteak. Hareen testigantzak beharrezkoak doguz Lemoan gertatu zana jakiteko, eta lehenbailehen egin behar dira urte asko pasau diralako eta gero eta lekuko gitxiago dagozalako" esan eban Emilio Olibaresek, Kirola, Kultura eta Euskera Batzordekoak. Alkarrizketa honeek egiteko, zein sasoi haretako argazkiak eta dokumentazinoa eskuratzeko, herriko jentearen laguntzea ezinbestekoa da, lemoaztarren etxe eta kamaretan gordeta egon daitekezalako dokumentuok.
Iturri hori ezinbestekoa izan arren datu barriak lortzeako, informazino asko batuta dago. "Informazino gehiena kanpo eragile batzuek daukie eta honeen kolaborazinoa ezinbestekotzat joten dogu gai hau ondo landuteko: Aranzadi, Ahaztuak, Gernika Batzordeak, Sabino Arana Fundazinoa, EHU..." azaldu eben Erauzkin eta Olibaresek. Lemoatxeko batailan hildakoen kopurua Lau Haizetara Gogoaneko Eduardo Gonzalezek emon eban: 141 lagun.
Alkarrizketak datu barriak jasoteko
Aretoan egozan guztiak bat etozan lekukoak alkarrizketatzea presa handiko kontua danaren eretxian. Baina plataformakoen arabera, alkarrizketak ezin dira edozelan egin eta aldez aurretik ondo prestatu behar dira. "Tribunaletan balioko daben datuak jasoteko, ondo landutako galdetegi bat eroan behar da" Gonzalezen berbetan. Helburua biktimentzako justizia lortzea bada behintzat, ez da nahikoa orduko giroa eta bizi izandako sentipenak transmitidutea, Auzitegi baten baliogarriak izan daitekezan lekukoak dakien datuak eskatu behar jakoz alkarrizketatuari. Hortik, alkarrizketea ondo prestatzearen garrantzia.
Herritarrak osotutako batzordeak zer landu, zein helburugaz eta ze ekintzak egingo dituen ebatziko dauan arren, epe administratiboak dirala eta, Udaleko Kirola, Kultura eta Euskera batzordeak proposamenagaz batera, ekintza batzuk abiatuta zituan.
Udalaren proposamenen artean trintxeren arteko ibilbide gidatua eta Bizkaiko Burdinezko Gerrikoaren inguruko berbaldiak egozan. Baita auzolan eta Auzolandegien bidez San Antolin ermitearen garbiketea eta egokitzapen beharrak be.
Auzolandegietan, Euskal Herritik kanpotik etorritako gazteak egiten dabe behar eta hori Eusko Jaurlaritzaren bitartez antolatuten da. Horregaitik epe barruan sartzeako eskaerea eginda egoala emon eben jakitera Udalekoak. Udal Auzolandegi honen arduraduna Mikel Garcia, Lemoako Gazte Teknikaria litzateke eta berak aurkeztu eban auzolandegien eginbeharra eta gerrearen arrastoak non geratzen diran erakutsi eban. Auzolandegien bidez hiru gauza egin gura dabez Lemoan: ermitea konpondu eta beste erabilera bat emon, zuloan dagoan gerrako materiala atera eta trintxerak berreskuratzea.
Proiektua aurkeztuta dago Eusko Jaurlaritzan. Auzolandegiok garagarrileko bigarren hamabostaldirako eta abuztuko lehenengorako eskatu dira.
Film bat
Udalaren proposamenen artean, Lemoan gertatu zanaren gaineko film bat egitea be badago, EITB-ren laguntzeagaz. Hori egiteko aukerak aztertzeko batzorde bat osotu da eta zezeilaren 1ean batu ziran ideari formea emoten hasteko.