lunes, 21 de marzo de 2011

Joseba Egiguren: “Pasa den mendean Urduñan gertatutako gertaerarik larriena izan daiteke hau”

Joseba Egigurenek Aiaraldeko historiaren pasarte ezezagun bati buruzko ikerketa bat argitaratu zuen duela zenbait aste. Lan horretan Urduñan egon zen kontzentrazio esparruari buruzko zenbait itzal argitu egiten zituen kazetari laudioarrak. Guk berarekin hitz egin dugu gerra zibilaren historiaren pasarte horretan sakontzeko.
Urduñan gerra zibil garaian existitu zen kontzentrazio esparruaren inguruko ikerketa bat egin berri duzu. Zerk bultzatu zintuen gai hau aztertzera?
Gure historiaren alde egitea. Zoritxarrez pasa den mendean Urduñan gertatutako gertaerarik larriena izan daiteke hau; baina ikertu gabe zegoen. Orduan, ez zitzaidan bidezkoa iruditzen kontzentrazio esparrua bertan izatea eta inork ez jakitea. Eta gustukoa ez izan arren gure historiaren zatia da eta ezagutzeko eskubidea eta beharra dugu.
Azterketa hasi baino lehen zer nolako informazioa zegoen kontzentrazio zelaiaren inguruan? Ba al zegoen Urduñan bere existentziaren berri?
Guzti hau ikertzen den lehenengo aldia da. Urduñako pertsona zaharrenek bazekiten gerra garaian Urduñako Jesuiten eskolan borrokalari antifrankista asko sartu zituztela eta egoera tamalgarrian izan zituztela. Baina hori baino ez. Zoritxarrez orain arte ez da ikertua izan eta orain saiatuko gara argi pixka bat ematen guzti honi.
Informazio hori izanda, zer nolakoak izan ziren gaian sakontzeko eman behar izan zenituen pausuak? Zer arazo izan zenituen sakontze bide horretan?
Lehenengo Urduñatik pasa ziren gerra preso ohiak bilatzen ahalegindu nintzen. Eurak izan ziren benetako protagonistak eta eurak ere badira ze oraindik bizi dira batzuk, eta euren bizipenak jaso nahi nituen. Orduan zorionez zortzi aurkitu nituen; 90 urte bitartekoak guztiak eta burua ondo zutenak. Eta beraiekin luze eta zabal hitz egiteko parada izan nuen. Hori izan zen oinarrietako bat. Bestea artxibategietara jo eta dokumentazio bila hastea izan zen. Artxibategi militarretara batez ere eta baita zibiletara ere. Guzti honi buruz zer zegoen ikustera han eta hemen eta, horrekin batera, biak uztartu: testigantzak batetik eta dokumentazioa bestetik.
Zer nolako inpresioa sorrarazi zizuten preso ohien kontakizunek?
Inpresio oso handia, oso gogorra. Ze ez gara ari pelikula bati buruz. Pelikula bat dirudi baina hau ez da zinea. Zoritxarrez errealitatea da eta gure herrian bertan gertatu egin dena. Orduan beraien kontakizunak zeharo hunkigarriak dira, oso gogorrak.
Zure ikerketan Urduñakoa, hilketa-gune bat baino, “berheziketa zentro” bat zela aipatzen duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Ba zorionez Urduña ez zela Auschwitz izan. Hemen ez zegoen gas kamerarik errepublikarrak hiltzeko. Helburua ez baitzen arerioa akabatzea; helburua giltzapean sartzea, sailkatzea eta berriz ere heztea zen. Frankoren Espainia berrian bizi ahal izateko egokitze lana egin behar izan zuten presoek. Lehen nolabait errepublikarrak ziren eta orain nazional bihurtu behar ziren. Frankoren aldekoak ez dakit baina garai harta arte izan zuten iragan hori nolabait borratu eta burua berriz ere programatu behar izan zuten.
Eta hori lortzeko frankistek hainbat errepresio teknika erabili zituztela aipatzen duzu. Nolakoa izan zen presoekiko errepresioa?
Errepresioa psikologikoa eta baita fisikoa ere. Bertan bizi izan ziren egoerak oso larriak izan ziren. Gosea, kolpeak, makurrarazteak, pilaketak eta guzti hori alde batetik. Eta psikologikoki ere bai. Azken batean, beraiek izan ziren gerra galdu zutenak eta Franko garailea zen. Orduan frankisten esku zeuden eta aukera gutxirekin.
Horretaz gain, ikerketan presoak zenbait lanetan esklabo bezala erabili zituztela aipatzen duzu. Zer motatako lanetarako erabiltzen zituzten?
Lan publiko zein pribatuak egitera behartu zituzten. Lehenengoen artean herriko zenbait kale eta eraikuntza konpondu zituzten. Adibidez Zezen Plaza, Aduana… hemen La Muera inguruan zegoen bainuetxea ere bai, zubi asko… eta baita Txarlazo mendiaren gailurrean dagoen Ama Birjinaren monumentua ere. Eta pribatuei dagokionez Frankoren aldekoen etxeetan eta negozioetan egin zuten lan.
Eta betiere baldintza gogorretan…
Bueno hor zeukaten abantaila bazen alde batetik barruan ez zeudela, eta hori ia nahikoa zen. Eta bestetik seguru asko jateko apur bat gehiago zutela. Kanpoan zeuden bitartean presoak bere ardurapean hartzen zituztenak behar bat zeukaten beraiekiko: janari apur bat gehiago ematea. Orduan, nik ez dakit baina agian kanpora ateratzea batzuetan abantaila bat zen. Barruan zegoen egoera txarragoa zen kanpokoa baino. Baina hori betiere zainduta eta beti frankistekin alboan eskopetak zituztela eta egoera tamalgarrian ere bai.
Zifra ofizialek 24 hildako egon zirela esaten dute, baina zuk askoz gehiago izan daitezkeela diozu…
Bai, ofizialki kontzentrazio esparruan hil zirenak 24 izan ziren. Gehienak gaixotasunen eraginez hil ziren eta birikietako arazoak zituztelako. Katarroak, pneumoniak eta halakoak. Eta baten batek bere buruaz beste egin zuen. Baina preso ohien testigantzen arabera askoz gehiago hil ziren; batzuk makilakadaz, kolpeka, beste batzuk gosearen eraginez… baina datu guzti horiek ez daude erregistroan sartuta. Ofizialki 24 dira baina, nire ustez, gehiago izan ziren.
Gero, gerra bukatuta, kontzentrazio esparru hori Urduñako kartzela “arrunta” bilakatu zen eta ondoren eskola bihurtu. Nolakoa izan zen eraikinaren eboluzioa?
Gerra hasi aurretik hutsik zegoen eraikuntza hori, munizipala zen, udalarena. Gerra etorri zenean gudariak sartu ziren bertara. Gero Franko sartu zenean izan zen kontzentrazio esparru, 1937an. 39an hustu egin zuten berriro eta urte horren amaieran dagoeneko ekarri zituzten preso nolabait “arruntak”; printzipioz gerra presorik ez zegoelako (gerra bukatua zegoelako). Eta hor denetarik zegoen: lapurretak egiteagatik sartu zituztenak… eta baita politikoak ere, gerran ibilitakoak eta halakoak. Orduan hori izan zen Prisión Central de Urduña deitzen zena. Hori urte eta pikuz egon zen irekita eta gero hustua izan zen berriro, kuartel militarra egon zen ondoren… gero etorri ziren jesuitak, gero hutsik berriro, eta orain ikastetxe pribatua da eta josefinoak daude.
Zuk ikerketa hau inolako diru-laguntzarik gabe egin duzu. Laguntzarik bilatu al duzu? Nola moldatu zara lan hau zeure kasara aurrera eramateko?
Ez dut inolako diru-laguntzarik eskatu eta orduan apurka-apurka egin dut. Gaur hasten duzu baina ez dakizu noiz amaituko duzun ezta nola. Hasi nintzenean uste izan nuen oso informazio gutxi zegoela, oso zaila izango zela testigantzak lortzea. Baina zorionez testigantzak eta dokumentazioa lortu ditut. Orduan, jakinda orain arte ez dagoela ezer aztertuta honi buruz, agian horrek ere eman dit laguntza puska bat. Eta orduan, zergatik diru-laguntzarik ez? Ba, krisi garaian gaudenez, zailagoa delako agian. Orduan, nahiago izan dut libreki ibili eta, inorekin zorrik izan gabe, ahalik eta hoberen egin lana eta gero plazaratu inolako loturarik gabe.
Kontzentrazio zelaiaren kontu hau bezala, Aiaraldea mailan badaude gerra zibilaren inguruko hainbat kontu ezkutuan mantendu direnak. Zeintzuk dira, zuk ezagutzen duzunetik, Aiaraldea mailan eta maila orokorrago batean dauden gertaerak?
Ba zoritxarrez asko izango dira oraindik. Ikerketa gutxi egin dira; batez ere Frankoren errepresioaren ingurukoak. Gerra garaiko batzuk plazaratu dira eta non izan ziren borrokarik nabarmenenak eta guzti hori badago liburuetan. Baina ondoren etorri zen errepresioari buruz gutxi dago. Eta Urduñakoa eskualdean gertatutako gogorrena izan daiteke baina gure inguruan kontzentrazio esparru gehiago egon ziren. Adibidez Murgian beste bat egon zen, Deustun (Bilbo) beste bat, Gasteizen ere bai… eta adibidez horiei buruz ezer gutxi dakigu, zoritxarrez.
Azterketa bukatu duzularik, ikerketako informazio horrekin guztiarekin beste zerbait egiteko asmoa al daukazu?
Orain helburua argitaratzea da. Hemen Euskal Herriko argitaletxe batekin, gaztelaniaz seguru asko. Eta gero saiatuko naiz Katalunian ere plazaratzen, katalanez, bertakoak izan zirelako preso gehienak. Eta hori amaituta ikusiko dugu zer egin. Baina oraindik ere lan pixka bat badago. Saiatuko gara guztia plazaratzen jende guztiak jakin dezan zer izan zen guzti hura.
Amaitzeko, gaineratzeko zerbait badaukazu…
Gure historia ez dugula inoiz ahaztu behar eta gauza guzti hauek ikertu behar direla eta plazaratu inolako errebantxarik gabe. Beharrezkoa dela gure iragana ezagutzea inoiz eta inon errepikatu ez dadin.