EUSKAL MEMORIA
Euskal Herriak, herri ukatua eta zapaldua den heinean, bere azalean bizi izan du historiaren faltsutze etengabea. Espainiar eta frantziar estatuen eraso ideologikoak eragina izan du gure ikuspegian. Izan ere, hedabideek, hezkuntza kurrikulumak, erakundeen diskurtsoek eta doktrina antiterroristak hamarkadak daramatzate garenaren eta egiten dugunaren gezurrezko bertsioa eskaintzen.Eraso ideologiko horren helburua herri honen jatorria ezeztatzea da, geure talde-nortasunaren oinarriak mito zentzugabetzat hartzea, horrekin gure etorkizuna desaktibatzeko. Ortzimuga ikusi ez dezagun, gure historiaren sustraiak industen dizkigute. Iragana gezurtatuz, orainari beldur izan diezaiogun eta etorkizuna ikus ez dezagun.
Zentzu horretan, Euskal Herriaren memoria berreskuratzea gaurkotasun osoko eta garrantzia handiko eginkizuna da. Euskal nazioaren eraikuntzari eta burutzeke dagoen prozesu demokratiko baten berme historikoei estuki lotua. Gure jendartearen bizipenak talde-borondate baten zati dira, honenbestez ezinbestekoa da ekimen iraunkor, irudimenezko eta aktibatzaileen bidez lapurtutako memoriaren berreskurapenaren partaide izatea. Herria bera sujetu izatea, alegia.
Horregatik, geure berezko historiaren gidoigile eta narratzaile nagusi izateko ahaleginak merezi du. Gauzak aldatu nahi baldin baditugu, ezinbesteko baldintza da nortzuk garen, nondik gatozen eta zergatik irauten duen ezeztatzen gaituen zapalketa honek. Ez dezagun ahantzi aldaketarako baldintzak geure autokontzientziaren baitan ditugula. Euskal Herriko memoria historikoa, ordea, ez da jakitunen eztabaiden arteko planoan geratzen. Alderantziz, ondorengo belaunaldiei egiaren lekukoa eta erresistentzia iristen zaiela ziurtatzeko baliabide eraginkorrena da. Aldaketa politiko eta sozialerako indargunea. Geure nortasuna eta kale eta testu liburuetako eskaerak ezabatu nahi dituen erasoan aurrean lubaki eraginkorra.
Izan ere, etorkizuna eraiki eta oraina aldarazteko ariketa eraginkor zein ezinbestekoa da memoria historikoaren berreskurapena. Geure historia ostera ere errepasatu eta berriz hausnartzea Euskal Herriko gatazka politikoa gainditzeko, eta irtenbide demokratiko batera gerturatzeko inbertsioa da, eta horixe da aurrean dugun erronka, interferentziarik gabe ulertu eta kontatzea: 1936ko gerra, Frankismoa, Erreforma, frantses zentralismoa eta espainiar Konstituzioa nabarmenki kate-maila berean daudela ulertzen dugunean gatazkaren, bere jatorriaren, ondorioen eta konponbidearen ikuspegi orokorra zeharo aldatuko dugu. Orduantxe bakarrik hasiko gara irabazten geure geurea den egiaren hautematea.
EUSKAL MEMORIAREN HELBURUAK
Berreskurapen honetan jauzi esanguratsua ematera dator, hain zuzen ere, Euskal Memoria egitasmoa. Ariketa kolektibo honetan aurrera egiteko ezinbestekoa dugu sarea jostea, ekarpena egin eta biltzeko, informazio bilduma-lana zein dibulgazioa bermatzeko. Euskal Memoria egitasmoaren bitartez, errealitate bilakatu nahi dugu geure historiaren berreskurapenaren ariketa kolektibo hori, garaiz garai, arloz arlo, herriz herri... Apurka jorratuko dugun bide ireki eta luze gisa, baina pauso erabakior eta eranginkorrak eskatuko dituen ibilbide gisa.Helburuak, beraz, ikusmira luzearekin begiratzekoak dira, baina jadanik pausoak emanez eraiki nahi ditugunak. Batetik, geure historia eraikitzeko bilduma-lana egituratzea dugu helburu. Informazio-sare partehartzaile, bizi eta egiazkoa osatzea alegia. Gu geu izan gaitezen geure ikusmira propioa osatuko dugunak. Iparra, dokumentazio-gune propioa noizbait izatea. Bitartean, horra iristeko hamaika ekimen eta aurrerapauso badira, “Gernikako seme-alabak” libururako bildu beharreko dokumentazio-lanak eta horretarako ariketak erakutsi duen bezala.
Bestetik, biltzen dugun hori jendarteratu behar dugu. Sare horren izaera dibulgatzailea ere izan dadin. Herri honek bere historia propioa ezagutuz hartuko du bere buruaren kontzientzia, aldaketarako ikuspegi propioa. Lan ideologiko eta sozial zabala behar dugu horretarako, euskarri anitz baliatuko dituena, zabala, partehartzailea eta irekia.
EUSKAL MEMORIAREN ZUTABEAK
Nola heldu erronka honi? Zutabe ezberdinen gainean emango ditugu oinarrizkoak baina atzeraezinak izan nahi duten lehen pausoak.Lehenik, Euskal Memoria Fundazioa abiatzea. Euskal Herriaren historiaren berreskurapenean modu ezberdinetara parte hartzeagatik ezagunak eta erreferentziazkoak diren pertsonek osatua, lan ideologiko eta sozial horren erreferentzia nagusietako bat izango da. Helburu hauek, Euskal Memoriaren herri-berreskurapenaren aldarrikapen eta praktikak erreferentzia orokor bat behar dutelako, eta gizarteratu behar ditugulako. 2009ko azaroan eman ditu lehen pausoak Fundazioak, bere burua aurkeztuz eta ibilbide luze honetarako babesa eskatuz. Hortik aurrera, komunikabideen, web orriaren eta abarren bitartez geure historia propioaren beharraren eta hedapenaren inguruan beharrezkoa dugun lan ideologiko zabal horretarako lanabes nagusi izango da. Atal honetan, dokumentazio gune iraunkorra sortzeko konpromisoa ere hartu dugu. Sakabanatuta dauden materialak, testigantzak eta datuak bildu, sailkatu eta digitalizatu ondoren, memoriaren berreskurapenean diharduten pertsona zein taldeen dinamika soziala elikatzeko erabilgarri egon daitezen.
Bigarren zutabea dibulgazioari begira edizio mailan harturiko konpromisoarekin lotua dago. Biltzen hasi garen eta osatzen joan beharko dugun ondare historiko hori guztia argitaratu eta gizarteratzea ez da gaur egun sortu den lana, urte askotan apurka errealitate bilakatzen ari den lana baizik. Hala ere, Euskal Memoria egitasmoaren helburuei bultzada emateko asmoz, lerro editorial zehatza jarri dugu martxan, orain artekoari bultzada sendoa ematearren. Urtero-urtero bi aldizkari eta Euskal Herriko historian berreskuratzeke ditugun aldeak bilduko dituen liburukina argitaratzea, 2010ean “Gernikako seme-alabak” liburuarekin hasiko den bidea.
Liburu honetan azken 50 hamarkadetako errepresioaren ondorioak biltzen ari gara, baina sintesi horretarako herriz herriko eta esparruz esparruko datuak biltzen aritu gara azken hilabeteetan, eta soka beretik ariko gara datozen lanetan ere, garai historiko jakinei zein gai jakinei dagokienez ditugun hutsuneak betetzeko asmotan. Argitalpen-lerro hau, noski, apaltasunez bide luze honi eskaintzen diogun ekarpenetako bat besterik ez da, izan ere herriz herri ondare historikoaren zabalpen eta hedapenari begira egin daitezkeen ekimenak anitz baitira, eta guztiak ezinbestekoak aipatu ditugun helburuei heltzeko.
Hau guztia errealitate bilaka dezagun, ordea, oinarriabehar dugu, egitasmoaren bideragarritasuna zein iraunkortasuna bermatuko duen oinarria. 2011rako 6000 babesle behar ditugu egitasmoak aurrera egin dezan, eta horixe da hain zuzen babesle horiei eskatuko zaiena:
- Datozen urtetan argitaratuko diren liburu eta aldizkarien harpidedun egitea (urtean liburu bat, formatu dotorekoa, eta bi aldizkari).
- Hala eskatuz gero, urteko liburua jasotzen denean kobratuko da, 65€
- Liburuak modu honetan soilik eskuratu ahal izango dira.
EUSKAL MEMORIAREN FUNDATZAILEAK
Jesús Lezaun (Apaiza) - Jorge Cortés Izal (Ikastolen sortzailea) -Iñaki Egaña (Idazlea) - Fermín Balentzia (Abeslaria) - Grazi Etxebehere (Erizaina) - Iñaki O’Shea (IPESeko kidea) - Periko Solabarria (Apaiza eta sindikalista) - Erramun Martikorena(Abeslaria) - Andoni Txasko (Martxoak 3ko elkartekidea) - Floren Aoiz (Analista politikoa) - Jose Mari Esparza (Editorea) - Ane Muguruza (Ikaslea) - Lucio Urtubia (Igeltsero eta anarkista) -Jose Manuel Pagoaga Peixoto (Iheslari politikoa) - Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko abeslaria) - Koldo Amezketa (EAko parlamentaria) - Joxe Elorrieta (ELAko sindikalista) - Fernando Larruquert (Argazkiliari eta zinemagilea ).EGITASMOA BABESTEN DUTEN MEMORIAREN ARLOKO ANTOLAKUNDEAK
Altaffaylla Kultur TaldeaAFAN
Lau Haizetara Gogoan
Ahaztuak
Ipar Hegoa fundazioa
IPES Bilbao
Olaso Dorrea Fundazioa
Orreaga Fundazioa
Asociación 3 de Marzo
San Fermines 78 gogoan Herri Ekimena
Sare Antifaxista