Gotzon Garmendia, Martín Barreña, Xabier Erauskin, Antxon Gómez (Lau Haizetara Gogoan koordinadorako kide dira)
Amnistia, ezer baino lehen, helburu guztiz politikoa betetzen duen tresna legal bat da. Erregimen edo sistema politikoen aldaketa prozesuekin batera eman ohi da eta erregimen horien aurkako jarrerak izan dituzten sektoreak izan ohi dira bere onuradunak. Herri batetako sektore garrantzitsu batzuk, giza eskubideekiko (norbanakoarenak zein kolektiboak) errespetuan oinarrituriko gutxieneko demokratiko batzuk gauzatze aldera, oposizio politiko gogotsu eta erradikal bat erabiltzera derrigortu dituzten zergatiak gainditzean datza, azken finean, amnistia. Haatik, 1977ko legea ez zen amnistia bat izan, baizik eta 1936eko matxinada militarra, diktadura frankista eta Estatu terrorismoak eginiko gizateriaren aurkako krimenen inpunitatea bermatu zuen “puntu eta kito” lege bat.
Estatu espainiarraren duela gutxiko historian, amnistia lege ugari promulgatu dira testuinguru eta helburu arras ezberdinekin. 1931eko apirilaren 15ean, II. Errepublikaren behin-behineko gobernuak dekretu bat argitaratu zuen aurreko erregimen politiko monarkiko eta diktatorialaren indarraldian eginiko delitu “politiko, sozial eta inprentazkoak” amnistiatuz. Bi urteko beltzean, 1934eko apirilean, amnistia lege bat onartu zen, 1932ko matxinada militar saiakeraren sustatzaileen (Sanjurjo jenerala, Guardia Zibilaren zuzendaria buru zelarik) askatzea ahalbidetzeko gehienbat. 1933ko iraultza sozial anarkista saiakeran parte hartu zuten sindikalista eta ezkerreko militanteek berandu batean eta partzialki izan zuten legearen probetxurik. 1936eko otsailean ospatzear ziren hauteskundeetara Frente Popularrak aurkeztu zuen hauteskunde programan, amnistiaren aldarrikapenak berealdiko garrantzia jaso zuen. Izan ere, 1934eko Urriko iraultzan parte hartu zuten sindikalista eta ezkerreko militanteen aurkako errepresio basatiak atzemaniko milaka presoen askatasuna zuen helburutzat.
Erregimen frankistak hiru amnistia lege promulgatu zituen. Hauetariko lehenak, 1939ko irailaren 23koa, “ez delituzkotzat” jo zituen 1931ko Errepublikar konstituzioaren aurka (1931ko apirilak 14 eta 1936ko uztailak 18 artean) buruturiko ekintzak, arma eta lehergaien edukitzea, erailketak, lesioak, kalteak, mehatxuak eta bortxak, beti ere egileen ideologia Mugimendu Nazionalarekin bat zetorren kasuetan.
Bigarren amnistia neurria errege dekretu bidez promulgatu zen 1976ko uztailean. Dekretu honi esker, preso politiko eta sozial ugari kaleratuak izan ziren.
Hirugarren amnistia legea 1977ko urriaren 15ean promulgatu zen eta aurreko lege eta dekretuek definituriko ustezkoak betetzen ez zituzten antifrankistak onuratu zituen. Lege honek 89 preso politiko askatu zituen, mugimendu armatu eta anarkistetako kideak (tartean, ETA erakunde politiko armatuko 23 militante).
Diktadorea hil zenean, Estatuaren egiturak ez zeuden zatituak ez eta liskarrean. Aitzitik, ia 40 urteko errepresioaren ondoren, Franco buru izan zuen sistemak antolaketa tinkoa zuen. Estatu frankista honek erregimenaren oinarrizko egituren jarraipenerako estrategia hertsi bat eratu zuen. 1977ko amnistia legea estrategia honen baitan kokatu behar da, erregimen frankistaren delituen zigorgabetasuna ahalbidetu baitzuen eta, bide batez, giza eskubideen aldeko herri mugimenduaren desmobilizaziorako oinarriak ezarri.
Ezin dugu ahaztu lege hau herri mugimenduen lorpena bailitzan saldu zela sozialki eta, egiari zor, mugimendu horien gehiengoak horrela barneratu zuen.
Aurreko hilabeteetan, herri mobilizazio garrantzitsuak eman ziren “amnistia osoaren alde, aurretiko erregimenarekiko haustura aldarrikatuz eta errepresoreek eta euren erantzule politikoek “kontuak eman” beharraren alde. Hau zen, hain zuzen ere, garaiko indar soziopolitikoek, eta bereziki frankismoari loturiko sektoreek bizi zuten ziurgabetasun egoera.
Egungo ikuspuntu historikotik, objektibitate handiagoz balora dezakegu 1977ko amnistiaren legea. Zigorgabetasunerako tresna politiko eta “puntu eta kito” lege bat izan zen, 1936ko matxinada militarra, diktadura frankista eta Estatu terrorismoak eginiko krimenen erantzule politiko eta militarrentzat diseinatua. Preso ziren militante antifaxistengan izan zituen onurazko eraginek ez diezaigutela lausotu haren egiazko izaera soziopolitiko eta juridikoaren ikuskera.
1977ko amnistiaren edukiek euskal gizarteak bere osotasunean defendatzen zuen amnistiaren esanahi eta edukien antza gutxi dute. Izatez, kontrajarriak ere badira. Izan ere, lege honen gauzatze praktikoa kriminal frankistentzako amnistia izan zen (haiek guztientzat zigorgabetasun berme bat promulgatu zen). Erregimenaren aurkarientzat aldiz, pairaturiko giza eskubideen urraketak ez errepikatzea bermatuko zukeen neurririk ezarri ez zen heinean, indultu baten eragin soziopolitikoa izan zuen. 1978ko konstituziotik eratorririko zilegitasun eta babespean, agintari militar, polizial, judizial… berberak, hau da, Estatuaren botere berdinak izan ziren biolentzia erabiltzen jarraitu zutenak, Mugimendu Nazionalaren legeen defentsaren izenean garaturiko biolentzia berbera.
Hizpide duguna ez da mugimendu memorialistaren “errebisionismo historikoa”; aitzitik, Nazio Batuen giza eskubideetarako Batzordeak Estatu espainiarrari helaraziriko “gomendioen” bigarren puntuak (2010eko otsailak 15) “1977ko Amnistia Legea berehalakoan indargabetu eta gerra zibila eta segidako errepresioan gertaturiko giza eskubideen urraketei buruzko Egiaren Batzorde bat eratzea eskatzen du.
“Puntu eta kito” lege hau indargabetzearen eskaera eta amnistiaren alde dagigun aldarria ez dira kontrajartzen. Nazioarteko legeriak bere egiten dituen giza eskubide eta eskubide zibil zein politiko oinarrizkoenak urratzen dituen salbuespeneko legeria batek (lege antiterrorista, alderdien legea…) delitutzat tipifikatu eta erregimen frankistaren TOParen izaera berdineko (Entzutegi Nazionala) salbuespen auzitegiek epaituriko ekintzak amnistiatuak izan behar dira. Gaur aldarrikatzen dugun amnistiak gure jendartearen oinarri soziopolitikoen aldaketa eragin behar du. Jendarte aurrerakoiago bat eta bere herriaren askatasunarengatik atzo jazarria zenak aske gelditzeaz gain, bere kausaren zilegitasunaren aitormenaren lekuko behar du izan. Eta, 1977an gertatu ez bezala, jazarle eta giza eskubideen urraketen erantzuleak, egiaren ikerketa, justizia eraginkorra eta erreparazioa (ez errepikatzeko bermeak barne) ahalbidetuko dituen justizia trantsizionalpetik pasarazi, 1936ko matxinada militarra, diktadura frankista eta Estatu terrorismoak eginiko gizateriaren aurkako krimenengatik erantzutera.