Berako hilerriko hobi komuna irekitzea ere eskatu dio Aranzadi Zientzia Elkarteari
ttipi.net * E.H
Espainiako Gerrak eta Frankismoak Beran eragindako kalteak eta biktimak aintzat hartuta, memoria historikoari zor, Berako Herriko Etxeak errepresioa pairatu zutenei omenaldia eskainiko die aurten. Udalak Aralar, Bildu eta PNVren aldeko botuekin eta UPNko zinegotziaren abstentzioarekin hartu zuen erabakia ekainaren 12ko batzarrean.
1948ko urtarrilaren 8an Berako Udaleko Osoko Bilkurak Francisco Franco Bahamonde Espainiako diktadorea herriko seme kuttun eta adopziozko izendatu zuen erabakia baliorik gabe ere utzi du Udalak, eta ondorioz, izendapen hori kenduko du, aldi berean, Francok eta bere erregimenak ordezkatzen dutena gaitzetsiz.
Berako Udalak nabarmendu du 1936ko abuztuaren 2an Bera bonbardatu zutela Francoren aldekoek eta gerran hildako herritarrez gain sei beratar fusilatu eta bertze lau desagertu zituztela Francoren indarrek Francisco Arozamena Irazoki, Lucio Aldai Longarai, Faustino Martinez Urteaga, Cesareo Seminario Iraizoz, Juan Etxenike Matxiarena eta Ecequiel Gomez Rodrigo izan ziren fusilatuak eta Santiago Anadon Cambero, Ramon Balza Loperena, Enrique Berasain Sorondo eta Jose Larraburu Maritxalar desagertu zirenak.
Donostiako Ondarretako kartzelatik preso ekarri eta Berako harrobian fusilatu ondotik Berako hilerrian 130 lagun lurperatu zituztela uste da eta horregatik, hilerriko hobi komuna zabaldu dezatela eskatuko diote Aranzadi Zientzia Elkarteari. Beran gelditzen diren ikur frankistak berehala kentzeko konpromisoa ere hartu du Udalak.