martes, 12 de junio de 2012

Gerra zibilean eroritako gudari eta milizianoak omendu dituzte malmasingo tontorrean

Abusuko 30 bat lagunek 1937an Bilbo defendatzen hil ziren lagunak ekarri dituzte gogora gailurrera igota eta bertan haien omenezko plaka bat jarrita. Memoria historikoaren aldeko astearen baitan kokatu dute ekimena.

Bilbo Branka * E.H
30 lagun izan ziren igandean Abusuko herri mugimenduak memoria historikoaren aldeko astearen baitan Malmasinera igotzeko antolatutako martxan. Asmoa, gerra zibilean Errepublikaren, justiziaren eta askatasunaren alde bizitza emandako gudari eta milizianoei omenaldia egitea.
Ikurrinak eta EAE-ANVren ikurrak hartuta Abusutik Malmasingo tontorrera igo eta frankistek hildako gudari eta milizianoei eskainitako plaka jarri zuten.


Elgetara txangoa
Ekimena asteon egiten ari diren memoria historikoaren aldeko astearen baitan kokatu dute. Izan ere, hainbat hitzordu dituzte Abusun. Ostegunean, esaterako, Asier Ibarretxe historialari eta República y Guerra Civil en Arrigorriaga. 1936-1939 liburuaren idazleak hitzaldia emango du Meatza Kultur Elkartean.
Ostiralean, berriz, Miren Bidaurreta umea zela SESBera erbesteratu zuten auzokideari omenaldi xumea egingo diote. Eta asteari amaiera emateko, ekainaren 17an, igandea, Elgetara txangoa egingo dute, Intxorta mendian dagoen Gerra Zibilaren interpretazio zentroa ezagutzera.