martes, 5 de marzo de 2013

Basauriko udalak eta basauriko oroimena elkarrekin antolatutako prentsaurrekoa

1937. urtean diktadura frankista genozida batek erregimen errepublikanoa indarrez mendean hartu, arma bidez, eta haren lekua hartu zuen; diktadurak berrogei urte iraun zuen. Ondorioz, Basauriko Udalak eta udalerriko elkarte kulturalek, sozialek, politikoek eta langileen elkarteek zapalketa latza pairatu zuten; gero legez kanpo utzi zituzten.
Beste udalerri batzuetan bezala, Basaurin ere unea iritsi da herriko herritar guztiak edo gerra zela medio bertara heldu zirenak gogoratzeko, urte ilun haietan espetxeratu, zigortu edota erail zituztenak; oinarrizko eskubideak, eskubide zibilak eta giza eskubideak errotik kendu zizkieten.
Dakizuenez, iaz, otsailen, horri buruzko mozio bat aurkeztu zuen “Lau Haizetara Gogoan” taldeak, herriko hainbat elkarteren babesarekin. Udal honek mozio hura onartu zuen.
Mozio hartan hartutako konpromisoen artean zeuden, besteak beste, oraindik udalerrian dauden sinbolo frankistak kentzea eta erregimen frankistari lotutako kaleen izenak berrikusi eta aldatzea, oraindik baldin badaude.
Mozio hura onartu ondoren, udalak hainbat lan abiarazi ditu udalerrian dauden sinbolo frankisten dimentsioa, kopurua eta garrantzia neurtzeko.


Lehenik eta behin, elementu horiekin katalogo bat egin da, hau da, gaur egun udalerrian dauden horrelako elementuak zerrendatu eta kokatu egin dira:
San Migueleko Hernán Cortes multzoan, 27 kaletan gaur egungo izenak eta izen zaharrak ikus daitezke, uztarriaren eta gezien sinboloarekin batera.
Auzo berean, Sindicato Vertical elkartearen berrogeita hamar sinbolo inguru daude, harrian, hainbat ataritan, zenbakien alboan. Horrez gain, Basauri osoan zehar ehunka metalezko plaka daude oraindik, Etxebizitza Ministerio zaharraren identifikagarri.
Katalogoa prestatu eta sinbolo horiek kentzeak eragingo lituzkeen kostuak kalkulatu eta gero, udalak lehenbailehen kenduko ditu, aurten bertan, Madrileko parlamentuak 2007. urtean onartutako sinbolo frankisten legeari eta ondoren Eusko Legebiltzarrak emandako gomendioei jarraiki.
Basauriko Oroimena herri plataforma hainbat elkartek osatzen dute, tartean herritarren elkarteek, kultura elkarteek, ekologistek, gazte elkarteek edota emakumeen eta memoriaren aldekoak elkarteek, baita sindikatu, alderdi politiko eta norbere izenean gerturatutako pertsonek ere; kide guztien xedea 1936-1976 urte arteko udalerriaren memoria historikoa berreskuratzea eta dibulgatzea da.
Basauriko Oroimena elkartetik urte horietan ehunka basauriarrengan ondorio larriak eragin zituzten gertaerak azaleratu nahi ditugu, herritar haien eskubide zibilak eta giza eskubideak zapaldu baitzituzten. 
Gaur egun dokumentatuta dauden makina bat kasuri buruz ari gara hizketan: gerrako haur gisa erbesteratutako dozenaka ume, espetxeratutako gazte zein helduak, desjabetze bidez ondasunak galdu zituzten herritarrak, emakume bortxatuak, torturatu eta eraildako herritarrak… Gaur egun 400 kasutik gora daude dokumentatuta.
Guztion artean gertaera horiek azaleratu behar ditugu, batzuk nahigabean ahaztu baitira, eta beste zenbait hala behartuta ahaztu baititugu, eta oso kasu gutxitan onartu dira frankismoko biktima gisa.
Ez diegu soilik gerra eta gerraondoko garaiei erreparatu nahi; aitzitik, erregimen frankista bukatu arte gertatutako guztia aztertu nahi dugu.
Herri honetan, tamalez, 1976ko martxoaren 8an gertatutakoa gogoratu behar dugu, egun hartan Guardia Zibilak Basauriko bizilagun Vicente Antón Ferrero erail baitzuen, Gasteizen martxoaren 3an gertatutakoaren haritik protesta egiten ari zela, orduan Ordena Publikoko Indarrek 5 sindikalista hil baitzituzten.
Memoria historikoa berreskuratzeko ekimen honetan, martxoko egun haietan gure herrian gertatutakoari buruzko kontakizun bat aurkitu dugu.  Gure asmoa dokumentu horren kopia bat Gasteizko Martxoak 3 plataformari bidaltzea da.
Horrez gain, Basauriko herritar guztiei dei egin nahi diegu, etor daitezen herri honetako frankismoaren biktima guztien aldeko ekitaldi xumera; martxoaren 9an izango da, 12:30ean, eta egun horretan Vicente Antón Ferrero zenaren bitartez omenduko ditugu, bere izena daraman kaleko plaka oroigarria dagoen tokian.
Hemendik, omenaldia hedatu eta frankismoan erregimen faxistaren bidegabekerien biktima izan ziren herritar guztientzat zabaldu nahi dugu, herritarren beraien kontrako zein senideen kontrako erasoak izan. Horrez gain, Basauriko Oroimenak taldeak eta udalak beharrezko urratsak eman nahi ditugu Frankismoan errepresaliatutako basauriarren testigantzak jasotzeko.
Horretarako, udal webgunearen barruan udalak dibulgaziorako eta testigantza horiek biltzeko espazio bat prestatu du. Herritarrei Informazioa eta Arreta emateko Bulegoan utzi daitezke ere informazioa eta bestelako materialak.
Benetan gertatu zena jakitea udal honen betebehar bat da, baita Basauriko herritar ororen eskubide bat ere. Halaber, Euskal Herriaren eta errepublikaren askatasunen defentsan duintasun eta borroka eredugarriak izan zituzten pertsona anonimoen memoria berreskuratzea guztion betebeharra da.
75 urte baino gehiago joan dira, eta orduan Basaurin bizi ziren gehienak zendu egin dira, baina haien seme-alabak daude, ilobak, bilobak,... Herritar horien lekukotasunak behar ditugu, artxiboetan ia ez baitago errepresioari buruzko dokumentazio idatzirik.
Informazio oro da baliagarri: 1936-1976 urteetako familiaren argazki hura, aititeren karneteko argazkia, amaren errazionamendu kartila, sindikatuko txartela, erbestetik iritsitako edo preso politikoak igorritako gutuna, kartila militarra, orduko hiri paisaia, etab. Gurasoek seme-alabei ahoz kontatu dietena ere jaso eta grabatu nahi dugu. Datu horiekin guztiekin istorio pertsonal, familia barruko istorio eta istorio kolektibo horiek berreraiki nahi ditugu, gure herriaren historian jasota uzteko aurrerantzean egingo den argitalpen, erakusketa edo beste euskarri baten bitartez.
Eta 1936 eta 1976 urteko arteko Basauriko historiari buruzko ikerketa horretan jaso ditzakegun ahozko testigantza guztiak biltzen saiatuko gara. Garai haietan bizi zirenen lekukotasuna zein haien ondorengoena, datu garrantzitsuak eman ditzaketelako. Gure herriaren eta, horrenbestez, gure herrialdearen memoria historikoa berreskuratzeko lan guztien oinarrizko zutabeak, hain justu ere, horiexek baitira: pertsona horiek eta haien oroitzapenak. 
Horretarako zuen eta basauriar guztien laguntza behar dugu, helburu hau lortzeko guztienok laguntza behar dugu eta.  
http://www.basauri.net/es/content/memoria-hist%C3%B3rica
http://www.basauri.net/eu/content/basauriko-oroimena

Basauriko Oroimena
basaurikoroimena@gmail.com