domingo, 21 de abril de 2013

Asturiesko Areces-eko Euskal Brigada

Testuinguru historikoa.


Agirre lehendakariak, 1956 urtean ospatutako Parisko Euskal Mundu Kongresuan, Oviedoko ofentsiban suertatutako 290 euskal borrokalarien hilketa gogorarazi  zuen. Dirudienez, 36ko gerran Asturiasen hil ziren Euskal Brigadako hildako kopurua, 250 eta 300 gudari eta milizianoen artean egon daiteke. Hauetatik ia erdia EAE-ANVko militanteak ziren, eta beste ia %30a, militante anarkistak zein komunistak.
Eusko Jaurlaritzak bi brigada bidali zituen Asturiasera. Bata Sasetaren agindupean, EAJ-PNVren Amayur, EAE-ANVren Eusko Indarra, eta UGTko Indalecio Prieto batailoiez osatua.
Bigarren brigada, anarkistak eta euskal komunistak osatua zen, Benito Reola Hermosillaren (borrokan larriki zauritua suertatu zena) agindupean , hain zuzen ere, Rusia eta Perezagua batailoi komunistak, eta Isaac Puente CNTkoa. Euskal indar espedizionario hau, Eduardo Vallejo, Bizkaiko miñonen kapitaina zenaren agindupean zegoen.
Sasetaren agindupeko brigadak, 1937ko otsailaren 21eko goizean Nalon ibaia gurutzatu zuen, Gradotik Oviedorako errepidea mozteko misioarekin. Ibaia gurutzatzerakoan, EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiko gudari asko hilak izan ziren, lehen muturrean joan baitziren.
Bitartean, bigarren euskal brigada, Benito Reolaren agindupean, Oviedo gainetik Pando mendia eraso bizian hartzen dute, bertatik-bertarako gatazka latz batean eta baja ugariak izanik.
Egun gutxietara, Areceseko frontea erortzen da, eta bertan kokatutako kanpainako erietxe batean zeuden 80 gudari eta miliziano inguru espainiar armadako erregularrek baionetaz eta fusil kolpekaz hiltzen dituzte. Batailoi anarkistek, ekintzaleek eta komunistek, oraindik aste batzuk iraungo dute Pando mendiaren posizioa defendatzen, hildako gehiago jasaten.
Hau da Euskal Brigadaren Asturiasko parte-hartzearen testuinguru historikoa.
Testuinguru historiko honek, ikerketa historiko serio eta zehatzak behar ditu, milaka gudari eta miliziano euskaldunen Asturiasko borrokan izandako historia errekuperatzeko bere osotasunean.

Deshobiratzeko baldintzak.
Giza eskubideen urraketa larrien biktimen gorpuzkinak deshobiratzea katarsi kolektibo bat da. Biktimaren senide, lagun, lankide, auzokideen arlo pribatuari dagozkion nahi eta aldagai sentimental, emozional eta psikologikoak arlo publikoari dagozkienekin uztartzen dira: historikoak, juridikoak, politikoak, ekonomikoak, soziologikoak, akademiko-profesionalak eta abar.
Nahasten diren faktore eta sentsibilitateen aniztasuna dela eta, kontu handiz heldu beharreko gaia da. Hobi bat aurkitu eta biktimen gorpuzkinak deshobiratzeak zirrara berezi bat sortzen du jendartean. Areces-eko kasuan, ipar fronteko hobirik handiena eta Asturiasen eraildako euskaldunez osatua izatean, eragin hori handiagoa izatea aurreikusi daiteke.
Deshobiratze proiektuak sustatzen dituzten instituzioek erakunde historikoekin erlazio iraunkorrak  mantentzea ezinbestekoa da. Erakunde historikoei dagokie eraildako militanteen nortasun eta izaera sozio-politikoaren defentsa. Kalteturiko pertsona eta kolektiboen premiazko beharrei erantzungo dieten neurri eta erabakiak bateratzeko.
instituzioek alde guztiekin ireki behar dituzte kontsultarako guneak, mugimendu sozial memorialistak barne direlarik. Alegia, giza eskubideen urraketa larriak eman diren kasu guztietan nazioarteko legeriaren arabera egin den bezala. Hau guztia egiaren ikerketan, justiziaren lorpenean eta neurri erreparatzaileak abian jartzean laburbiltzen da (ez errepikatzeko bermeak barne direlarik).
Kalteturiko mugimendu sozialek memoria historikoa berreskuratzera zuzenduriko politiken diseinu eta egituraketan parte-hartzerik ez badute, esperientziak esaten digu giza eskubideen nazioarteko legeria ez dela betetzen.
Berriki eman diren zenbait deshobiratze kasutan, gure aburuz, hipotesi hau indartu da.

Omenaldi soziopolitikoa.
Hurrengo maiatzaren 18an omenaldi soziopolitikoa eskaini nahi diegu Euskal Brigadako gudari eta milizianoei Asturiasen bertan, gatazka horiek gertatutako paraje berberan hau da, Nalon Ibaiaren ertzean.
Omenaldi hau antolatzeko eta osatzen joateko auzolan bat hasiko gara hiru erakunde historikook, senitartekoak zein bere laguntza eskaini diguten beste hainbat talde eta euskal kulturako pertsonek.
Omenaldia agian xumea izango da bitartekoei dagokienez, baina indartsua eduki soziopolitikoetan.
Asmoa badugu hainbat autobus Euskal Herritik antolatzeko eta baita Asturiasko ezkerreko jendearen inplikazioa omenaldi herrikoi honetan.
Gure erakundeen blogetan ekitaldi honen inguruko informazioa zehazten joango da, eta kontaktua emango da autobusetan apuntatzeko zein beste edozein eginbeharretan laguntzeko.
Asmoa jende andana biltzea Euskal Brigadaren oroimen soziopolitikoaren berreskurapen osoan lehendabiziko urratsak ematen hasteko.
Ekitaldiaren programa zehatza hurrengo astetan egingo dugu publiko, baina gaur hemen gaudenok gure jarrera tinkoa adierazi nahi genuen bi gaietan: gure erakundeen kideak izan ziren Euskal Brigadako miliziano eta gudarien deshobiraketen inguruan alde batetik, eta oroimen historikoa etorkizuneko arma ideologiko bat dela, eta Frankismoaren krimenen aurrean Egia, Justizia eta Erreparazioa aldarrikatzen duten herritarren egutegian, hurrengo maiatzaren 18an gorriz azpimarratzeko arrazoiak azaltzea.


Prentsaurekoaren partaideak
Kide historikoak
1. Felix Padin. CNTko Isaac Puente batailoiko tenientea.
2. Marcelo Usabiaga. PCE-EPKko batailoikoa.
Familiarrak
1. Juan M. Sansinenea. EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiko Sansinenea Kapitanaren semea.
2. Marisol Elustondo. EAE-ANVko Eusko Indarra batailoiko gudariaren alaba.
3. Begoña Gorritxo. EAJ-PNVko batailoiaren Francisco Gorritxo komandantearen alaba.
Hiru erakunde historikoko kideak
1. Xabier Erauzkin. CNTko kidea.
2. Jon Hernandez. PCE-EPKko kidea.
3. Antxon Gomez. Eusko Lurra Fundazioko kidea.
Lau Haizetara Gogoan plataformako kideak
1. Alberto Muñoz. Lubakia taldeko kidea.
2. Felix Soto. Donostiako Fusilatuen familiarren taldeko kidea.