miércoles, 31 de agosto de 2011

NBEk frankismoko hobi komunak ikertzeko eskatu dio Espainiari.

Bortizkeriaz desagerrarazitako pertsonen kasuak aztertzen dituen Nazio Batuetako Erakundeko lan taldearen arduradun nagusiak, Jeremy Sarkin hegoafrikarrak, Estatu espainolari exijitu egin dio behingoz argitu dezala 1936ko Gerran eta ondorengo errepresioan desagerrarazitako pertsonen auzia.


Gara * E.H
Desagerpenak 100.000tik gora dira, baina horiek argitzeko ezer gutxi egin du orain arte Madrilek, Nazioarteko Ituna sinatu duten 28 estatuen artean badago ere.
«Estatu espainolak argitu egin beharko luke non dauden hobi komunak eta zeintzuk diren hobi horietan dauden pertsonak», eskatu du desagerpenak aztertzen dituen NBE Nazio Batuen Erakundeko lan taldearen presidenteak, Jeremy Sarkinek.
Atzo bertan izan zen behartutako desagerpen aurkako Nazioarteko Eguna, lehen aldiz, NBEren babesa izan zuena. Jeremy Sarkin hegoafrikarrak gogora ekarri duenez, desagerpenak giza eskubideen urraketa dira, eta nazioarteko legediari jarraituz, «argitu gabe jarraitzen duten kasuak egun gertatzen ari diren delitutzat hartu behar ditugu».
Nazio Batuetako arduradun bereziak dei egin dio Gobernu espainolari, «herrialde osoan dauden hobi komunak identifikatzeari ekin diezaion».
Desagerrarazitakoen senideek «egia ezagutzeko eskubidea dute, desagerpen horiek duela 70 urte gertatu baziren ere, egia ezagutzeko eskubidea berebizikoa delako». Estatu espainola pertsona guztiak behartutako desagerpenetatik babesteko Nazioarteko Itunaren sinatzaileetako bat da. Oraingoz 28 estatuk baino ez dute sinatu, NBEk 1982an aurkeztu bazuen ere.
Begi bistakoa da, nolanahi ere, Ituna sinatzeak ez dakarrela berez esaten duena betetzea. Horretan, gainera, maisu da Estatu espainola, beste hainbat arlotan ere (tortura kasu) zurikeria horrekin funtzionatzen duelako.

Gutxienez 113.000 pertsona...
Atzoko egun bereziaren aurrean Memoria Historikoa Berreskuratzeko Erakundeak gogora ekarri zuenez, gutxienez 113.000 pertsona dira identifikatu gabe hobi komunetan jarraitzen dutenak, betiere Baltasar Garzon epaileak halako desagerpenak aztertzeko saiakeran aurkeztu zen kontaketaren arabera.
Erakunde horrek gogor gaitzetsi zuen Gobernu espainolak «errepresio frankistaren ondorioz desagerrarazitakoen senideak ahaztu izana», eta nabarmendu zuen Zigor Kodean aipatutako deliturik larrienak direla desagerpenak: «Legez kanpoko atxiloketa, torturak eta erailketa baten aurrean gaude. Delitu hori ez da preskribatzen, gorpuak bahituta jarraitzen duelako egileek aitortu arte, edota aurkitu eta identifikatzen den arte», azaldu zuen Emili Silva erakundeko presidenteak.

«Lehen minututik»...
Horrela, bada, «desagerpenak errotik amaitzeko» estatuek bete beharrekoak zehazten ditu Estatu espainolak sinatu zuen Itunak, baina Madrilgo Gobernuak, Ituna «bete gabe jarraitzen du, sinatu zuen unetik».
Itunak dioenez, «ezingo dira egoera bereziak argudiatu desagerpenak justifikatzeko, ezta gerra egoera ere».
Are gehiago, estatuek «beharrezko neurriak hartu behar dituzte desagerpenak ikertzeko, Estatuaren babesarekin egin badira ere, eta erantzuleak auzitara eramateko».