EH Bildu * E.H
Julen Arzuagak biktimen eskaria jaso eta galdera egingo dio lehendakariari Legebiltzarrean, "gerra zikinaren biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutelako". Dioenez, "PSOEk eta PPk Estatu terrorismoan eta giza eskubideen bortxaketan duten erantzukizuna aitortu behar dute".
EH Bilduk galdera aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, lehendakariak kontrolerako osoko bilkuran erantzuteko, argitzeko zer egingo duen Jaurlaritzak gaur 34 urte Alonsotegiko Aldana Tabernaren aurka GAE talde ultraeskuindarrak eginiko atentatua ikertzeko eta biktimei eta euren senitartekoei aitortza eta erreparazioa emateko. GAEk jarritako lehergailu batek eztanda egin eta Liborio Arana, Manuel Santacoloma, Pacifico Fika eta Mari Paz Ariño hil ziren horren ondorioz. Geroztik 34 urte igaro dira jada, baina hiltzaileen zigorgabetasuna erabatekoa da oraindik.
Hori dela eta, gaur arratsaldean Alonsotegin biktimen omenez egitekoa den lore eskaintzan parte hartzeaz gain, EH Bilduk atentatua berriz ikertzeko biktimen eta senitartekoen eskaria aintzat hartu eta azalpenak eskatuko dizkio Urkulluri "gerra zikinaren biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutelako", Julen Arzuaga legebiltzarkideak azaldu duenez. Honen esanetan, "etorkizuneko elkarbizitza ezin izango da eraiki iraganari buruzko irakurketa partzialak eginez gero eta, hortaz, ezinbestekoa da historia osoa eta sufrimendu guztiak aintzat hartzea; izan ere, bigarren, hirugarren, laugarren mailako biktimak ikusten ditugu, egilearen araberakoak".
Arzuagak salatu duenez, "Aldana Tabernaren auzia, tamalez, ez da salbuespena, espainiar Estatuko botereek sustatu eta babestutako gerra zikinaren zigorgabetasun orokorraren beste adibide bat baizik. Lehenago frankismoan, ondoren UCDren garaian eta gero PSOE eta PPrekin gerra zikinean parte-hartze zuzena izan zutenek Estatuak sistematikoki eskaini dien zigorgabetasun osoa baliatu dute euren krimenak ez ordaintzeko. Orain guztion artean bakea eta normalizazioa eraiki nahi badugu, iraganari buruzko irakurketa osoa, ez zatika, egin behar dugu, eta horretarako ezinbesteko baldintza da PSOEk eta PPk Estatu terrorismoan eta giza eskubideen bortxaketan duten erantzukizuna aitortzea".
Familiares de las víctimas mortales del Bar Aldana piden a Lakua que aclare el atentado 34 años después.
http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20140118/familiares-de-las-victimas-mortales-del-bar-aldana-piden-a-lakua-que-aclare-en-atentado-34-anos-despues