domingo, 14 de octubre de 2012

Frankismoaren egiaren batzordeaz foro bat egingo dute Andoainen

Lau Haizetara Gogoan elkarteak antolatu du foroa; azaroaren 17an egingo dute, Martin Ugalde kultur parkean.

Berria, Gipuzkoa * E.H
Lau Haizetara Gogoan elkarteak antolatuta, frankismoaren egiaren batzordeari buruzko foroa egingo dute azaroaren 17an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Gotzon Garmendia elkarteko kideak azaldu du xedea: «Biktimei eragindako kaltea konpontzeko eta aitortzeko ekimenak omenaldietara eta liburuetara mugatu dira. Hori beharrezkoa da, baina beste esparru batzuetan egin behar dira urratsak: egian eta justizian». Halaber, koordinazio falta ikusten du memoria historikoaren politika publikoetan. «Administrazio publikoek egin beharko lituzketen hainbat gauzaren ardura, gainera, enpresa pribatuak ari dira hartzen. Gure ustez, ez luke horrela izan behar, nahiz eta egiten duten lana ona izan». Horretaz jardungo dute foroan; alderdi politikoen eta gizarte eragileen aldetik egiaren eta justiziaren bidean urratsak egiteko dagoen borondatea ere ikusi nahi dute.
Lau mahai inguru eta hiru ardatz izango ditu foroak: nazioarteko legedia, barneko legedia —Amnistiaren Legea— eta egiaren batzordea sortzea eta aurrera eramatea ahalbidetuko lukeen lan metodologia bat zehaztea. Kezkagarriena iruditzen zaie «biktima mordoa» izan zituzten alderdi eta sindikatu batzuek gertatutakoa argitzeko borondaterik ez izatea. «Beren kideak bide bazterrean hobiratuta daude, eta haiek, berriz, traizio egiten ari dira haien borrokari», salatu du CNTko kide Luis Fuentesek.

Justizia eta egia lortzeko lanetan ari da sindikatua. EAJren jarrera salatu du Fuentesek: «Bilboko Udalean, adibidez, uko egiten dio ikur frankistak kentzeari. Eta Espainiako Senatuan, berriz, proposamen bat aurkeztu zuen ikurrak kentzeko. Ez dute lerro politiko finko, bateratu eta argi bat. Berdin gertatzen da PSOErekin eta UGTrekin, adibidez».

Lau Haizetara Gogoan elkarteko kide Antton Gomezek azaldu du zein argudio erabiltzen duten jarrera hori izateko: «1977ko Amnistiaren Legea errespetatu behar dutela esaten digute, eta ezin dutela beste askorik egin. Guretzat, ordea, hori ez da arrazoi bat. Egia jakin behar dugu». Bat dator horrekin Fuentes: «Argi dugu ez dugula lortuko krimenak egin zituztenak espetxeratzea; horietako asko hilda daude, edo oso helduak dira. Baina gizarteak eta bereziki biktimen senideek izen eta abizenekin jakin behar dute zeintzuk izan ziren egileak».

Hain zuzen, 1977ko Amnistiaren Legean ikusten du Gomezek egungo egoeraren arrazoia. «Lege horrek frankismoko kriminal guztiak eta estatua errugabetzen ditu, gertatutakoaren errudun subsidiario gisa. Biktimekin, ordea, ez da justiziarik egiten, ez da eragin zitzaien kaltea konpontzen».

Gainera, salatu du Espainiako Memoria Historikoaren Legeak Amnistiaren Legea «betikotzea» ahalbidetu duela. «Kontu estetikoetan, sinbolikoetan baino ez da sartu; azken batean, ez ditu faxistak eta eliza haserretu nahi izan. Baina hori bezain larria da frankismoaren aurka zeudenen kontrako epaiketak ez direla baliogabetu. Legearen aurrean errudun dira oraindik. Baliogabetuko balira, kaltetuei ordaintzeaz estatuak arduratu beharko luke. Eta pentsioak ordaintzen ari gara frankismoko epaileei, poliziei eta abar».

Hitz egiten hasteko abiapuntuak epaiketok baliogabetzea izan behar duela esan du Gomezek, baita Fuentesek ere. «Epaitutako biktima haiek gaizkileak, lapurrak,bidelapurrak eta alferrak zirela esaten zen. Behin epaituta, asko eta asko hil edo espetxeratu egiten zituzten, eta gainontzeko apurrak miseriara kondenatu. Historiak argi utzi behar du egindako bakarra askatasuna defendatzea izan zela. Haien seme-alabek, senideek, aitortza hori egitea merezi dute».

Itxaropen gutxi

Beste herrialde askotan halako krimenak «argi eta garbi» salatu direla gogorarazi dute. «Espainian askok ondo ikusten ez dutena kontrakoa da: Guardia Zibilak krimenak egin zituela esatea. Baina argi dago frankistak naziei laguntzen aritu zirela. Gainera, ez da ahaztu behar Francisco Franco Fundazioak urteetan jaso dituela diru laguntzak estatuaren aldetik. Hemen, beraz, oso zaila da egiaren eta justiziaren bidean zerbait lortzea; ahalegin serioren bat egin denean ikusi dugu zer gertatu den. Itxaropen gutxi dugu alde horretatik», nabarmendu du Gomezek.

Argentinako auzibidea

Espainiako eta Argentinako hiritartasun bikoitza duten frankismoko fusilatuen senideek jarritako salaketen harira, frankismoko krimenak ikertzen jarraitzen du Maria Servini Argentinako epaileak. Irailean zen etortzekoa Euskal Herrira, Herrialde Katalanetara, Galiziara eta Espainiara. Baina Argentinako Gorte Nagusiak baliabide eta egun gutxi eman zizkion bisitarako, eta ez etortzea erabaki zuen. Argitzeko dago noiz etorriko den. Dena den, bitartean salaketak jasotzen jarraitzen dute memoria historikoaren aldeko taldeek. Horien artean daude Lau Haizetara Gogoan elkartea eta CNT sindikatua. «Kereila asko jarriko balira, prozesua blokeatuko litzateke. Hori dela eta, jada jarrita daudenekin ari gara bat egiten. CNTtik, adibidez, 2.600 txosten ditugu frankistek fusilatu eta torturatu zituzten kideei buruz», zehaztu du Fuentesek.

Gainera, Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian lan horretan ari diren elkarteen eta eragileen batzar bat egiteko asmoa ere badute. «Argentinako kereilen harira sor daitekeen egoera aztertzea eta etorkizunean zer egin daitekeen zehaztea da xedea. Izan ere, egun iritziak askotarikoak dira, eta beharrezkoa da horiek partekatu eta elkarlanean aritzea». Mexikon ere, Argentinan hasitako bideari jarraitzea aztertzen ari dira hainbat biktima. Helburua zein den argi du Fuentesek: «Hagako Nazioarteko Auzitegira iritsi nahi dugu. Izan ere, argi dugu frankismoko krimenak gizateriaren aurkakoak izan zirela».

http://paperekoa.berria.info/harian/2012-10-13/019/001/Frankismoaren_egiaren_batzordeaz_foroa_egingo_da_azaroaren_17an.htm