lunes, 9 de septiembre de 2013

Manifestazioa Donostian irailak 15

Eguerdiko 12:00etan, Boulevard-etik Easo Plazaraino.


Donostiako Udala * E.H
Frankismoren krimenen aurkako eta Argentinako kereilen aurkako Euskal Plataformak  prentsa aurreko hau  antolatu dugu, irailaren 13ean, frankistek Donostia hartu zuten 77. urtemuga dela-eta,  Irailaren 15ean, Igandean Bulebarrean egingo dugun ekitaldiaz eta ondorengo manifestazioaz berri emateko:
Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez
Idatzi honen azpian sinatu dugun erakundeok Frankismoaren Aurkako Kereilaren Aldeko Euskal Plataforman bildu berri gara. Erakundeok urteak eman ditugu lanean frankismoak ekarri zuenaren oroitzapen historikoa berreskuratzeko eta, era berean, Euskal Herrian gauzatu zituen krimenen aurrean egia, justizia eta ordaina gureganatzeko.
Ahalegin horretan oinarrizkoa izan da, eta da, erantzuleak zigortu ez izanaren salaketa. Zigorgabetasun hori 1977ko Amnistia Legeak bermatu zuen, azken batean, amaiera-puntuko lege bat izan baitzen; eta horrekin batera “trantsiziokoa” deitu izan zuten garaian estatuaren aparatuak purgatu ez zirelako.
Aurrera eramaten ari garen lan-lerroen artean (hobiak bilatzea eta hildakoen hondakinak lurpetik ateratzea, omenaldiak antolatzea, salaketa-hizketaldiak, datu historikoak biltzea, ekimen hau jendartean zabaltzeko aldizkariak, etab.), diktadurak iraun zuen berrogei urteetan gertatutakoei buruz aurkezten ziren salaketek, zenbait pertsona ospetsuk eta nazioarteko erakundek behin eta berriz salaturik ere, etengabe egin dute topo Baltasar Garzón epaileak berak ere ahaztura eta zigorgabetasunaren alfonbra pitin bat altxatzeko egin zuen saio epelean porrot egin zuen harresi berberaren kontra: Amnistia Legeak frankistak edozein erantzukizunetatik salbuesten dituena.
Hala eta guztiz ere, aukera erreala dago frankismoaren aurka eta oraindik bizirik dauden frankisten aurka auzibidez jotzeko. Aukera hori Argentinako Errepublikan zabaldu da María Servini de Cubría epaileak, Buenos Aireseko 1. Epaitegiko titularrak, aurrera daraman 4591-10 kereilaren bidez.
a) Frankismoren krimenen aurkako euskal Plataforma 2012ko udaberrian sortu genuen krimen horien egileen inpunitatearekin behingoz amaitzeko.
b) Horregatik lagundu dugu argentinar epaitegian salaketak aurkezten eta euskal  herriko erakundeek kereilari beren babesa ager diezaioten. Babesa haundia lortu dugu, Udal askotan eta Eusko Jaurlaritzan ere.
c) gure ustez iritsi da unea frankismoaren inpunitate horren aurkako gure nahia kalean adierazteko. Beraz, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen egin dugu bezela, Donostian ere, frankistek hiria hartu zuten 77. urtemugan, ekitaldi publikoa eta manifestazioa egin nahi ditugu militar matxinatuei aurre egin zietenei eta hilabete batzuk beranduago frankisten gorrotoaren ondorioak jasan zituztenei omenaldia adieraziz.
d) ekitaldiaren hasiera: Bulebarrean eguerdiko 12etan, ekintza hau Donostiako Genozidioren taldeak antolatzen du.
Manifestazioa ondoren izango da Bulebarretik Easo plazaraino, bukaerako toki honen aukeraketaren zergatia da bertan 1936ko uztailaren 22an faxisten erasoa gelditu zutelako.
Prentsaurre honetan Nora Galparsoro, Donostiako Udalaren Lehen Teniente Alkatea egon da.