viernes, 18 de enero de 2008

Frankismoaren biktimen ustez, «diktaduran segitzea» litzateke EAE-ANV legez kanporatzea.

Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak dio legez kanporatzeak «iraganik ilunenera itzultzea» direla.

Berria/Bilbo.
EAE-ANV jasaten ari den «kriminalizazio eta jazarpen kanpaina dela eta», alderdi historikoari elkartasuna adierazteko agiria plazaratu du Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak. Legez kanporatzeak eta horiek ahalbidetzen dituen Alderdien Legea salatu ditu, eta PSOEko gobernuari «legeria frankista errepresiboa» bere egitea egotzi dio, horiek martxan jartzeagatik. Egoera kezkagarria dela dio koordinakundeak. Areago, EAE-ANV legez kanporatzea proposatzen ari denez. Izan ere, alderdi historikoa legez kanpo utzi edo haren jarduna etetea «iraganik ilunenera itzultzea» litzakeela uste du. «Diktadura frankistak bultzatutako eskubide urraketa eginez» jarraitzen dutela dio, «gero eta gehiago, gainera».

Frankismoaren biktimen eta memoria historikoa berreskuratzearen alde Euskal Herrian lan egiten duten 11 elkartek osatzen dute Lau Haizetara Gogoan koordinakundea. Bertan biltzen dira, EAE-ANV alderdiaz gain, Ahaztuak 1936-1977, Andikona, Debagoienako Fusilatuen Senideen Batzordea, Izquierda Republicana, Katin Txiki, Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea, Memoriaren Bideak, Oroituz, La Rosa Negra eta Uliako Taldea.

Guztien izenean kaleratutako oharrak ohartarazi duenez, koordinakundeko kide duten EAE-ANV «herri honen askatasunen aldeko borrokan erreferentzia da» eta horrexegatik legez kanporatu zuten frankismo garaian.

ELKARLANERAKO KONPROMISOA.  
Agiria sinatzen duten taldeek azaldu dutenez, frankismoaren biktimentzat egia, justizia eta ordaina lortzeko bidean EAE-ANVrekin elkarlanean aritu dira, eta hemendik aurrera ere hala egingo dutela baieztatu dute. Faxismoak ezarritako «garaile eta garaitu eredua hausteko», neurri zehatzak abiatuko dituztela elkarrekin. Halaber, «benetako askatasun eta demokrazia» lortzeko EAE-ANVrekin eta bertako kideekin «borrokarako espazio bera» partekatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

Koordinakundearen helburuak lortzeko bidea, ordea, zail egiten ari zaiela aitortu dute. «Frankismoaren oinordeko politiko, ideologiko eta genetikoak» direnek jarritako oztopoez gain, bere garaian «garaitutzat» jo zirenek «garaileen arrazoinamenduak» bere egin dituztela uste dute. Horiek ere, oztopoak jartzen ari direla. PSOEko gobernuak onartutako Memoria Historikoaren Legea eta EAE-ANVri espresuki lege horren onurak ukatu izana dute erakusgarritzat.

Areago, Alderdien Legea onartuta, Espainiako Gobernuak «legedia frankista errepresiboa» ezarri duela deritzo koordinakundeak. Eta horixe dela «haren osasun kezkagarriaren termometroa».

 
Ariztondok uste du «arazo larria» duela Espainiako demokraziak ilegalizazioekin
erredakzioa....
«Tamalez» EHAK eta EAE-ANV legez kanporatuko dituztela uste du Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, baina horrek huts handia eragingo dute Espainiako demokrazian. Izan ere, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko idazkari ohiaren arabera, «Espainiako demokraziak benetako arazo larria du alderdi politikoen legez kanporatzeekin».

Legez kanporatzeak direla eta, «arazo larri eta nabarmena» dagoela adierazi zuen atzo Ariztondok Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean. «Urtez urte, legez kanporatzeen ondorioz, pertsona askok eta askok ez dute ordezkaritza politikorik», esan zuen. Horrek edozein demokraziarentzat «kezkagarria» izan beharko lukeela gaineratu zuen.

EAE-ANVrentzat ere hitz gogorrak izan zituen Ariztondok: «[Espainiako] Estatuak erasotzen dion bakoitzean, estatuarekin eztabaidan hasi beharrean edo alderdiaren barnera begiratu beharrean, besteei begiratzen die, besteek beragatik zer egin behar duten galdetuz». Halaber, EAJren eta EAE-ANVren estrategiak bat etortzea «zaila» izango dela berretsi zuen.


BATASUNAREN KRITIKAK.  
Batasunak frogatutzat eman du prentsa ohar batean Eusko Alderdi Jeltzalea berriro ere gizartearen aurrean biluzi eta Euskal Herriaren eskubideak defenditzen ez dituen alderdi bat dela. Batasunaren arabera, EAJ «eroso» dago PSOE eta PP alderdiekin. Batasunaren ustez, sozialistek errepresioaren bideari ekin diote eta EAJk bere interesa lehenesten du interes orokorraren gainetik. Batasunaren ustez, Javier Balza Herrizaingo sailburuak Portu eta Sarasolaren atxiloketa «operazio bikaina» dela esateak EAJren irizpide morala erakusten du.