sábado, 28 de julio de 2012

Frankismoaren biktimei gertatutakoa argitzea, helburu

Genozidioaren Biktimen Elkarteak frankismo garaiko biktima donostiarrei buruzko datuak aurkeztu dizkio diktadura ikertzen ari den epaile argentinarrari.

irutxulo.hitza.info
Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak frankismo garaian errepresaliatuak izan ziren donostiarrei zer gertatu zitzaien argitzea helburu du. Horretarako bi bide berri urratu ditu. Batetik, Argentinan frankismoaren krimenak ikertzen ari den epaileari hiriari eta donostiarrei buruzko datuak helarazi dizkiote. Bestetik, berriz, udalari eskatu diote ekimen horrekin bat egin dezala.
Justizia unibertsalaren printzipioan oinarrituta, Maria Servino de Cubria epaile argentinarra  frankismo garaiko gertakariak ikertzen ari da. Hori dela eta, Frankismoaren krimenen aurkako helegitearen euskal plataformak bildu duen informazioa helarazi dio epaileari, kontuan har dezan. Helegitearekin bat eginez, memoria historikoaren defentsan lan egiten duen Genozidioaren Biktimen Elkarteak bonbardaketetan hildako, fusilatutako eta purgatuak izan ziren udal langile nahiz funtzionario donostiarren zerrenda bana osatu du. Hauek, apoderatutako abokatuen bidez, atzo helaraztekoak ziren Servini de Cumbria epaileari.
Era berean, ostiralean mozioa aurkeztu zuten udaletxean. Honen bidez, udalari honakoa eskatu diote: Francisco Francoren altxamendua eta ondoko diktadura gaitzestea; oligarkiak eta Eliza Katolikoaren buruek bi hauen alde izandako jarrera salatzea; eta 1977ko Amnistiaren Legea bertan behera uzteko eskatzea. Bestalde, frankismo garaiko genozidioa eta gizakien aurkako erasoak ikertzen ari den ekinbidearekin bat egin dezan nahi dute. Udalaren buru den Bildurekin eta EAJrekin izandako bileretan “borondate ona” erakutsi arren, “hitzetatik ekintzetara pasatzea” falta zaiela adierazi zuen Felix Soto elkartekideak.


“Luzeegi jotzen ari da”
“Gertatutakoa ikertzeko garaia da. Hil egingo dira krimenak onartu, salatu eta argitu gabe; sarraskia ‘doakoa’ izango da. Ez zaie interesatzen hori ikertzea, egituran hiltzaileen senideak baitaude”, adierazi zuen Gotzon Etxarri elkatekideak. Horregatik, Egiaren Batzordea “behingoz” eratzea nahi dute. «Euren senideak non dauden jakiteko kontsolamendua ere ez dute izango. Luzeegi jotzen ari da. Ildo legala bete behar dute, hildakoak bilatu eta gertatutakoa argitu», gehitu zuen Etxarrik. Elkarteak hori egiteko baliabide ekonomiko nahiz teknikoak ez dituela ere nabarmendu zuen. “Falta direnak aurkitzeko talde handiagoa behar da, guk ezin dugu. Mendekurik ez dugu nahi, gertatu zena argitzea, baizik”.
1936ko gerran eta Francoren diktadura garaian hildako donostiarren senideek hauen memoria eta garai hartan gertatutakoa berreskuratzeko asmoz eratu zuten Genozidioen Biktimen Elkartea 2009an. Egia, justizia eta ordaintza nahi dute hildako ia 400 donostiarrentzat.
Frankismoaren krimenen aurkako helegitearen euskal plataforma Altafaylla Kultur Taldeak, Euskal Herriko CNT, Durango 1936 Kultur Elkarteak, Euskal Memoria Fundazioak, Eusko Lurra Fundazioak, Egiari Zor Fundazioak, Garraxi taldeak, Gernika Batzordeak, Goldatu Elkarteak, Inxorta 1937 Kultur Elkarteak, Martxoak 3 Elkarteak, Oroituz-ek, Sare Antifaxitak eta Lau Haizetara Gogoan Elkarteak osatzen dute.