jueves, 21 de junio de 2012

II. Errepublikan eta Gerra Zibilean Deustun gertatutakoak bildu ditu Borja Sarrionandia-Ibarrak liburu batean


Branka Bilbo * E.H
Aurkezpena ekainaren 21ean egingo dute Bidarte udaltegian. Deustutik II Errepublikak eta Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zuten eragina aztertzea du helburu “La II República y la Guerra Civil en Deustu” liburuak.
Borja Sarrionandia-Ibarrak zortzi urte eman ditu II. Errepublikan eta Gerra Zibilean Deustun jazotakoak biltzen. Errekopilazio eta kontsulta lan neketsua izan da, baina emaitza ekainaren 21ean emango du ezagutzera. Bidarte udaltegian egingo duten ekitaldian (19:30) La II República y la Guerra Civil en Deustu liburua aurkeztuko diete auzokideei.
Euskal Armadak guda galdu eta Espainiako tropa frankista Deustun sartu zenetik 75 urte igaro diren honetan Armada faxistaren garaipenak jendartean eragindako aldaketa sakona hobeto ulertzen laguntzen duen lana da. Idazlearen hitzetan, “memoria historikoa berreskuratzea beharrezko lana bihurtu da egungo egoera politikoa eta etorkizuna ulertzeko ezinbesteko tresna”.
Hurbileko ikuspuntutik, Deustutik II Errepublikak eta Gerra Zibilak Euskal Herrian izan zuten eragina aztertzea du helburu liburu honek.
Sarrionandia-Ibarra zortzi urtez aritu da lanean 500 orri inguruko liburu mardula osatzeko. Lana Ahaztuak 1936-1977 eta Goikoalde Kultur Elkarteak argitaratu dute.