Memoriaren Bideak * E.H
Berriro ere, Erronkari eta Zaraitzu ibarrak elkartzen dituen errepidea ireki zuten frankismoaren esklaboen aldeko eskultura erasotua izan da Igari – Bidankoze (Nafarroa) mendatean. Kasu honetan, erasotzaileek eskulturak duen azalpen plaka erauzi eta inguruko sastraka aldera bota dute, oinarrian zeuden lore sortekin batera. Agerian dago frankismoaren oinordekoek ez dutela erregimen honen sarraskiak gogorarazten dituen inongo ikurrik onartu nahi.
Egia iztukatu nahi dute, eta horretarako ari dira lanean. Ez da, edonola ere, gertakari berria. Eskultura hainbat aldiz izan da erasotua, eta horietako bietan autoreak identifikatu ahal izan dira. Azkenengoan, gainera, “Falange y Tradición” taldeko partaideak atxilotuak eta auziperatze bidean jarri izan dira, besteak beste eraso hau dela medio. Hala ere, gure ustez mota honetako erasoen egileek inpunitate osoz aritzen dira, behin baino gehiagotan agintarien babespean.
Edozein modutan, Memoriaren Bideak taldetik ez dugu gure lana etengo. Salatuko ditugu honelako ekintzak, eta mantenduko dugu frankismoaren sarraskiak pairatu zutenen errekonozimendurako ekitaldiak. 2004 urtetik bezala, mantenduko dugu gure urteroko omenaldia, Igariko gainean, frankismoaren esklaboek eta haien familiek haien lekukotasuna eman diezaguketen, faxistazale hauek 75 urte beranduago estali nahi dituzten eskubide urraketak agerian uzteko. Plaka bat erreza da erauzten, baina egia eta memoriaren ahotsak ezin izango dituzte isilarazi. Seguraski, presak direla eta, ez zuten irakurri ere egin plakan zegoen testua:
Errepide hau ireki zuten 2000 Antifaxisten omenez
Igari – Bidankoze – Erronkari (1939 - 1941)
Zuen oroimenak, askatasuna
Aldi berean, gogorarazi nahi dugu eskulturak ez dituela soilik erasoak jasotzen. Hortik pasatzen diren ehunkada pertsonek bisita egiten diote, argazkiak atera edo zaindu egiten dute.
Batzuek loreak jartzen dizkiote, beste batzuk hausnarketari ekiten diote, eta batzuetan horietako batzuek ematen dute erasoen berri. Guzti horiek dira, azken batean, frankismoaren esklaboen memoria eta haien askatasun grina bizirik mantentzen dutenak.