Julia Monge, Felix Soto, Josu Ibargutxi, Eduardo Gonzalezek, Joxe Angel Ulaziak, Jose Maria del Palaciok eta Xabier Erauskinek * Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak
Hirurogeita hamazazpi urte iragan dira erailketa eta basakeria haiek izan zirenetik, eta justizia ez da oraindik agertu
Kolpista faxistek 1936ko uztailean Nafarroa eta Araba altxamendu militarraren lehen egunetan menperatu zituzten moduan espero zuten Bizkaia eta Gipuzkoa menderatzea, baina ezin izan zuten.
Uztailaren 19an bertan, greba orokorra aldarrikatu zen Gipuzkoan eta Bizkaian, herrialde biak geldiaraziaz. Gipuzkoako herrietan defentsa komiteak antolatu ziren berehala, udalen ordezkari gisa, erakunde politiko eta sindikalen partaidetzarekin. Lehendabiziko betebeharra armatzea izan zen. Lantegi, arma-denda, baserri edo etxeetako arma guztiak konfiskatuak izan ziren. Militar matxinatuen aurkako erresistentziaren lehen egun hauetan dinamita eta molotov koktelak ere erabili ziren.
CNTko, UGTko eta ELAko sindikalistak, eta Alderdi Sozialista, Alderdi Komunista, Gaztedi Sozialista Batuak, Ezker Errepublikarra, Batasun Errepublikarra, Euskal Ezker Federala, Eusko Abertzale Ekintza eta oro har donostiar gaztedia antolatzaile izan ziren. Uztailaren 19an, Madrileko Gorteetan EAJko Irujo eta Lasarte diputatuek, beren kabuz, deia luzatu zioten irratiz, Donostiako biztanleriari Errepublika defenda zezan.
Milaka langile miliziano boluntario bilakatu ziren, nahiz eta beren esperientzia militarra 1934ko urriko altxamenduarena baino ez izan. Esan beharra dago Errepublikaren aldeko militar batzuen laguntza ere izan zutela, hala nola Perez Garmendia komandantearena, carabineroen hainbat sektorerena, guardias de asalto izenekoena, mikeleteena eta Guardia Zibilaren agintari eta banako batzuena.
Uztailaren 19tik 28ra ezkerreko indar hauek baino ez ziren mobilizatu militar kolpisten aurka. Aginpidea beren esku zegoen.
Uztailaren 19tik 20ra zalantzak zituzten Donostiako militar matxinatuek, eta 21ean, miliziano talde bat Gasteizerantz abiatu zenean, militar kolpista hauek, irratiz, «Gerra Agiria» plazaratu zuten, kuarteletatik hiriko ateetarainoko ibilbidea hasiaz.
Uztailaren 22an, goizaldean, militar talde bi ibaiaren alde bietatik abiatu ziren, eta Urbieta kaletik zihoanari CNTko militanteek aurre egin zioten Larramendi kalean geldiaraziaz, Amaran. Defendatzaileen egoera larritzen hasia zenean, Landan itzultzea erabaki zuen beste miliziano talde bat -Arrasatetik, Eibartik eta beste gipuzkoar eta bizkaitar herri batzuetatik etorritako pertsona armatuek lagunduta- agertu zen. Egoera honek militar faxisten atzeraldia eragin zuen eta Casinoan, Maria Cristina Hotelean, La Equitativan eta Komandantzia Militarrean babestera behartu zituen. Uztailaren 23an, toki horiek guztiak milizianoek hartuko zituzten beren esku. Hortik aurrera, Loiolako kuartelak hesituko zituzten.
Kolpistak -ordurako, Perez Garmendia komandantea erailaz, Oiartzun hartua zutenak- Errenteriarantz egiten ari ziren aurrerakada bertan behera geratzea eragin zuen ekintza honek. Hesitzeak, halaber, militarren adorea ahuldu zuen, eta uztailaren 28an, goizean, Artillería Pesada Nº3 eta Batallón de Ingenieros Nº6 izeneko erregimentuak milizianoei errenditu zitzaizkien beren armamentu guztiarekin.
Uztailaren 29an, Gipuzkoako Mendigoizale Batzak «Frente Popular» egunkarian bere jarraitzaileei engaiatzeko eskatu zien. Egun batzuetara, hedabide berean, EAJren babesarekin Eusko Miliziak eratzen hasiak zirela iragarriko zuten.
Loiolako kuarteletako armei esker lortu zen Irungo frontearen erresistentzia sendotzea, irailaren 5era arte. Egun batzuk geroago, irailaren 12an, hiria lagatzeko agindua luzatu zuen Defentsa Elkargoak, inguratuak izan baino lehenago eta munizioaren urritasuna ikusiaz. 13an, inolako erresistentziarik gabe, matxinatu faxistak sartu ziren Donostian.
Behin Donostia kolpisten esku, hiria uzterik izan ez zutenen arteko 393 pertsona fusilatuak izan ziren berehala. Frankistek eraildako donostiar gehienak Oiartzun, Hernani eta Berako kanposantuetan izan ziren fusilatuak; baita Ondarretako kartzelan edo Ulia mendatearen magaletan, Bidebietako Tiro Zelaietan (egun Allende Parkea), Aieteko inguruetan edo «burdinazko zubian» ere.
77 urte iragan dira erailketa eta basakeria haiek izan zirenetik, eta justizia ez da oraindik agertu. Ez beraientzat, ezta milaka eta milaka emakumerentzat ere, errepresio bortitza jasan arren, herriaren bizitza eratuaz, egoera larrietan borrokatzen jarraitzea jakin zutenentzat.
Horregatik deritzogu ozen aldarrikatu behar dugula: «Frankismoaren inpunitateari tolerantziarik ez!». Ezin baitugu onartu inbasio militar frankista haren erantzuleek eta bere egungo oinordekoek egin zituzten krimen eta zitalkeria guztiez erantzukizunik gabe geratzea. Hori da, izan ere, arrazoi nagusia Argentinan irekita dagoen 4591/10 Kereilari gure babes guztia emateko, genozidio eta gizateriaren aurka frankismoak eragin zituen krimen guztiak argitzeko eta eragileak epaitzeko, Maria Servini de Cubria epaileak daramanari, alegia.
Honengatik guztiagatik, irailaren 15ean, Donostiako Bulebarrean ekitaldi publiko bat egingo dugu eguerdiko 12:00etan, gero manifestazioan denok Amarako Easo enparantzaraino joanaz miliziano eta gudari haien guztien duintasuna aldarrikatzeko eta Euskal Herriaren askatasun egarria berresteko.