jueves, 16 de mayo de 2013

Condor Legioak eragindako suntsipena

36/37ko gerra nazien bidegabekaria, iragana eta oraina


Euskal Herrian mundu guztiak du Condor Legioaren berri eta honek 1937ko Gernika suntsituaren irudia dakarkigu gogora. Hainbat eta hainbat biktima eta hildako eragin zituen ekintza krudel honek, Alemaniako armadak sortua. Apurka apurka eta memoria jomuga duten elkarte eta herri erakundeen lan eskergari esker berreskuratu da gure historia garaikidearen gertaera latz eta tragiko hura.
Historiaren berreskurapen hau biktimen ikuspuntutik begiratuta egin da, zelan bestela? Egun, ikerlan hau abiapuntu hartuta, beste ikuspuntu bat jarri nahi izan dugu mahai gainean, eta hau Condor Legioaren sustatzaileena da. Condor Legioaren jatorria ekarri nahi dugu gogora, bilakaera historikoa, lortu nahi zituzten helburuak eta XX. mendeko historia asaldatuaren baitako testuingurua. Erakusketa honek „sikarioen“ (aginduen menpeko asesinoak) zereginaren analisia erakutsiko digu.
Lan hau alemaniar talde batek burutu du 2010rean. Alemaniako iparraldean dagoen eskualde bateko historia berreskuratu nahi du, Hannover-en inguruan dagoena, hain zuzen ere. Eskualde honetan Condor Legioa sortu zuten hegazkin-basea dago. Lantalde hau, bada, 80. hamarkadan hasi zen lanean. Eginkizun honen bidez, Alemaniako gobernu askok ezkutatu eta historiako urte-liburuetatik eta, jakina, memoria kolektibotik ezabatu nahi izan dituzten gertaera ilunak argitara jarri nahi izan dituzte (Condor Legioaren ibilerak eta traiektoria historikoa barne). Lekukoekin hitz egin ostean, jakin izan zuten Wunstorf hegazkin-basean zeuden hegazkinak zerikusia izan zutela Espainako faxista altxamenduan zehar buruturiko airezko bonbardaketekin. Ikerketa lanean aurrera egin zuten, beraz, baina mesfidantza eta bazterketa anitz jasan zuten. Dena den, lanak emaitzak izan zituen denborarekin: dokumentazioa, datuak eta lekukotzat jaso eta batu zituzten. Eta hauen arabera, ezagutu izan zituzten era zehatzean herritarren aurkako airezko erasoen airezko plangintzak eta egintzak.
Alemaniako agintariek hedatutako oskurantismoa saihestuta, Condor Legioaren jatorria zein den jakin izan da, hau da, susmoak egia bihurtu dira. Azken egun hauetan, erakusketaren egileek arrakasta berezia lortu dute: panelak ikusgai jarri dituzte Condor Legioa sortu zuen herrian bertan, Wunstorf-en, alegia.  Historia mingotsa da, jakina, baina Alemaniako iparraldean dagoen herriak ere memoria historikoaren atal bat berreskuratzeko eskubidea du, atsegina izan ala ez.


Erakusketaren ibilbidea
Erakusketa Gernikan geratuko da 31 arte. Gero egongo da Laudion, Elgetan, Algortan, Durangon, Bilbon eta datorren urterako eskatu digute Donostian eta Ugao-Miraballesen jartzea. Herri askotara hedatzeko prest gaude.
Osatuta dago liburuxka batekin. Liburuxka euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dugu eta bi eurotan saltzen da, erakusketa aldiz momentuz soilik euskeraz egin ahal izan dugu. 17 panelak daude 110 x 70 zentimetroko formatuan. Eska daiteke publikoki erakusteko.