jueves, 1 de julio de 2010

BAKEAREN HEZKUNTZAKO PLANA, GERRA LEGE.

Euskal Memoria aldizkaria. 1. zenbakia. 2010ko Uztaila.
HEZKUNTZA ETA KULTURA. Hezkuntza, formazioa, instrukzioa..., norbere ingurune sozial, politiko, ekonomikoan..., jarduteko, gizakiak sortu dituen bitartekoak dira. Tresna guztiak bezala, beraien erabileran bitasun bat dute bere baitan. Hezkuntza, ezagutza zientzia, gizakiaren askatasuna ahalbideratzeko tresna izan daitezke pedagogia bera askatasun jarduera moduan garatzen bada (Paulo Freirek, 1986); alta, zapaltzailearen pedagogia ere izanen da, herri kulturaren gainetik garatu eta honen aurka ekiten badu. Hezkuntza eta ezagutza, kultura jakin baten aurka erabil baitaiteke, herri baten akulturazioa, doktrinamendua lortzeko edota multzo sozial jakin batekiko atxikimendua desegiteko. Prozesu honen bitartez, norberarenganako ukaziora eraman gaitzakete. Beraz, hezkuntza bitarteko askatzailea izan daiteke, ezagutza mugagabean oinarritzen bada eta herri kulturan erroturiko gizarte askeago, justuagoa lortzeko bide berriak urratzea ahalbideratzen baditu.
Herri eta kultura ukatuen historian, hezkuntza formalaren edukiek, aipatu kulturari arrotz zaizkion ikuspegi eta dimentsio bakarreko ikusmoldeak kontrajarri dizkio. Talka honetatik bi aterabide eraiki daitezke, lehen aterabideak, akulturaziora garamatza, hau da, erabateko asimilazio kolektibora; bigarren aterabidea, autodefentsarako erreakzioak piztu eta garatzean datza, kultura propioa berresteko dinamikak indartzera, errealitatearen parte diren adierazgarri esanguratsu berriak interpretatu ahal izateko, finean, hezkuntza eredu propio batez sorreraz ari gara. Beraz, hezkuntza instituzionalizatua eta herri kulturaren arteko desloturak, hezkuntza eredu alternatiboak eraikitzera eraman gaitzake, herri kulturaren bilakaeraren baitan kokatua eta honekin batera garatu ahal izango dena. Adibidez, 1936.ko errebelamendu militarra eta ondoren ezarritako diktadura frankista, armaz, suz, eta isipuaz burutu zen, baina gramatikaz eta herri historiaren ahanztura inposatuaz ere bai.
Askatasuna eta eskubide berdintasuna aldarria egiten zutenengan, hau da, galtzaileengan, ahanztura eta debekua; aldiz, irabazleentzat ohorea eta "jainkoa eta Españarentzat" erori zirenen izenak zizelatzeko, elizetako marmolezko hormak. Erregimen autoritarioek hori dute..., indartsu eta irabazle sentitzeko, galtzaileak behar, hori da beraien kulturaren zioa. Eta horren erakustokia NODOa eta "escuela nacionala". Hala eta guztiz ere, historia ofizialaren gainetik (edo azpitik), gizartearen baitan bide alternatiboak eraikitzen joan dira, oroimenean eta herri kulturan oinarrituak, horrela izan dira jasoak eta loratuak, Agirre, Saseta, Ordoki, Monzon, Chiapuso, Larrañaga, Mendizabal, Iturbe, Beñaran..., deiturak.
ESTATUAREKIKO MORRONTZA ETA AUTORITARISMOA. Armada bidezko bakea beti da gerra lege eta "bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzako euskal planak", badu horren antza. Aipatu plana ez da inolaz ere helburu hezitzaileekin egina, are gutxiago ikasleak askatasunez eta autonomiaz bere iritzia eraiki dezan. Horrela balitz, egitasmo honen funtsa ikaslea litzateke; bere behar intelektualak eta gaitasunen garapena. Ez dago, ordea, plan honen oinarrian helburu hau, ustezko irabazle eta galtzaileen arteko eskema autoritarioa baizik. Plan honen helburua ez da ikasleen giza eskubideenganako izan dezaketen ezagutza sakontzea, are gutxiago beraien bizitza sozialean zein kulturalean, berauek egikaritzeko bitartekoak bermatzea, aldiz, garai bateko "flechas" eta "pelayoen" antzera, gazteria, eta hiritar oro, Estatuaren eta proiektu politiko jakin baten morrontzan jarri nahi da. Hori da, hain zuzen, Estatu autoritarioaren zioa.
"Escuela nacionala"-ri deitura aldatu zaio baina haren espiritua, publiko zein kontzertatuak deritzonen hezkuntza sistemetara hedatzeari ekin zaio, unean uneko gobernuaren interes politiko eta ikusmolde "monarkiko konstituzionalera" egokitua, bai horixe. Horrela eraiki nahi dira hezkuntza proiektuak eta iritzi sormenerako kanpainak, ikaslea ZEN planaren biziberrituaren bitarteko bihurtuz.
Sufrimendua Estatuaren gerra tresnak bihurtzean, gizartearen etendura sozial eta kulturala eragin nahi da. Sentidu honetan, oso adierazgarri suertatzen da, bakea eta giza eskubideen aldeko hezkuntza plan hau defendatzen duten berberak, 1936. urteko altxamendu militarrak, frankismoak eta Estatu terrorismoak eragindako biktimen familiarren eskubideak aintzat hartu ez izana, alta, diktadorea hil geroztik igaro diren 35 urteetan zehar, ahaztu, isilarazi eta baztertu nahi izan gaituzte. Dirudienez biktima batzuk molestagarri suertatzen dira; gure senideen hezur aztarnak bezain arriskutsuak suertatzen zaizkie defendatu zituzten ideia eta proiektuak.

Gotzon Garmendia.